Entrenamendu espezifikoagoen bidea jorratzen

Amaia Urbieta Arruti 2021ko mar. 11a, 16:30

Irungo Lomcage enpresaren makina probatzen aritu dira eskubaloiko talde nagusietako atezain batzuk aste honetan. Asmoa da Zarauzko atezainek makina hobetzeko ekarpenak egitea, oraindik guztiz garatu gabe baitago.

Eskubaloian, askotan esan ohi da atezaina dela taldeko jokalari garrantzitsuena. Sarri, ordea, ez da erraza izaten atezainek behar dituzten gaitasunak entrenamenduetan trebatzea. Hala baieztatu du Paulo Ostolaza Amenabar taldeko atezainak: "Entrenamenduaren zati handi bat ez dugu behar adina baliatzen batzuetan. Saioa pentsatuta baldin badago sei seiren aurkako formatuan, zati handi batean atezainok ez dugu lanik egiten".

Horri konponbidea emateko asmoz dihardute Lomcage enpresan. Bideoan ikus daitekeen makina garatzen ari dira eskubaloiko atezainek entrenamendu espezifikoak egin ahal izan ditzaten, eta Zarauzko Eskubaloi Elkarteko hainbat atezainek probatu dute makina. Oraindik garapen bidean dago, eta horretan laguntzeko ari dira probak egiten. Gizonezkoen eta emakumezkoen talde nagusietako Paulo Ostolaza, Oihane Bautista eta Jon Etxeberria atezainek egin dute aproba. 

Ostolazak azaldu du pantaila batekin funtzionatzen duela makinak. "Bi modalitate ditu. Led argien bidez funtzionatzen du batek eta, besteak, pantailaren bidez. Pantailan ageri den jokalariak besoa ateratzen duen norabideari jarraitu behar zaio". Atezainak azaldu du beraiek ez daukatela entrenatzaile espezifikorik eta, kantxaren erdia izan ohi dutenez entrenatzeko, sarri ez dutela izaten beste atean entrenatzeko aukerarik. "Makina honekin ez da toki askorik behar, bakarrik lan egin daiteke eta laguntzen du gauza batzuk bisualki erakusten. Alde onak badauzka, garatzeko dago, baina ondo dago aurrera begira probatzen joatea", azaldu du Amenabar taldeko atezainak.