Salberdinen 500 plazako lurrazpiko aparkalekua egiteko asmoa agertu du Udal Gobernuak

Amaia Urbieta Arruti 2021ko mar. 13a, 09:28
Xabier Txurruka alkatea eta Iker Basurko Mugikortasun zinegotzia, Salberdingo planoa atzean dutela. (Zarauzko Udala)

Udalak uste du orain dela Plan Bereziaren aldaketa bideratzeko unea, Salberdin iparraldeko bizitegi-gunea martxan jarri ondoren. Lurrazpiko aparkalekuak hiru soto izango lituzke, eta lehen Salberdingo aparkaleku asfaltatua zegoen eremu berean egongo litzateke.

Salberdingo lehen faseko obrak hasi ondoren, Alde Zaharrean eta Azken Portun dagoen aparkelekuen arazoa konpontzeko "aukera paregabea" duela uste du Udal Gobernuak, eremuak "kokapen estrategikoa" daukalako herrian. Proposamenaren inguruko azalpenak eman ditu Xabier Txurruka alkateak aste honetan egin duten hirigintza batzordean, eta prentsa ohar bidez azaldu du udalak asmoaren berri.

2011ko apirilean onartutako Salberdingo Plan Bereziak lursail bat zehazten du ekipamendu soziokultural gisa erabiltzeko. Lursail horretarako hasierako planteamenduak bi soto eraikitzea aurreikusten zuen, gutxienez 217 aparkalekurekin eta lurzoruko 8.500 metro koadroko eraikigarritasunarekin. "Lursail hori espazio libreen sistema orokorrak inguratzen du, 8.695 metro koadroko bigarren partzela batek, eta Euskal Trenbide Sarearen tren geltoki berria egiteko onartutako proiektuak bigarren lur zati horri eragiten dio, hain zuzen. Izan ere, geltoki berriaren proiektuak Gaztainpe eta Salberdin lotuko dituen hamar metro baino gehiagoko zabalera duen oinezkoentzako eta bizikletentzako arrapala aurreikusten du.

Hori dela eta, Udal Gobernuak sustatu du ekupamenduko partzelaren okupzioa 800 metro koadro murriztea, "parkera bideratutako espazio libreak handitzearen alde". "Horrela, 5.800 metro koadroko ekipamendu lursail bat izango litzateke, Salberdinen lehen asfaltatutako aparkalekua zegoen leku berean. Horri esker, hiru soto eraiki ahal izango lirateke 500 aparkaleku plazara iristeko". Prentsa oharrean udalak gaineratu du aparkalekuen gainazalaren tratamendua parke eta berdeguneena izango litzatekeela. Udalak uste du orain dela Plan Bereziaren aldaketa bideratzeko unea, Salberdin iparraldeko bizitegi-gunea martxan jarri ondoren, "etorkizun hurbilean aparkaleku estrategikoa eraikitzeko lizitazioa eman ahal izateko".

Iker Basurko Mugikortasun zinegotziak adierazi du "ezinbestekoa" dela mahai gainean jarri berri duten proiektua Zarautzentzat. "Mugikortasun departamenduan lanean ari gara goi-denboraldiko aparkalekuen kontuari konponbidea aurkitzeko, udalerriaren sarreran disuasio-aparkalekuak aztertzen eta hiriaren erdigunean edukiera handiko aparkaleku baterako asmoa proposatzen, urte osoan zehar martxan egongo dena. Azken horrek trafikoa antolatzen lagunduko du eta aparkaleku bila dabiltzan kotxeek sortutako eragozpenak eta kutsadura murriztuko ditu. Bestalde, aparkaleku berri horrek behar handiena dagoen lekuetan egoiliarrentzako plaza gehiago egiteko aukera emango digu", gaineratu du Basurkok. 

Txurrukak gaineratu du "hirigintza-jarduketa estrategikoak" direla udalak esku artean dituenetako asko: Salberdinen garapena, ETSk sustatutako geltoki berria, Gaztainpe eta Salberdin komunikatuko dituen azpiko pasabidea eta Santa Klara komentua erostea. Alkateren arabera, "Zarauzko erdigunean ditugun hirigintza eta mugikortasun arazoen zati handi bati konponbidea" eman nahi diete urrats horiek. "Proiektu hauek guztiek herriaren iparraldea eta hegoaldea lotzen, erdialdeko espazio libreak eta parkeak handitzen eta Salberdingo industria eremu degradatua etxebizitza berrien bidez berpizten lagunduko dute, honela Udal Gobernuaren Etxebizitza Planean hartutako konpromisoak betez".