Azken hiru egunetan bederatzi kasu positibo baieztatu ditu Osasun Sailak Zarautzen

Andoni Elduaien 2021ko mar. 15a, 13:21

Aurreko asteburuan sei kasu positibo zenbatu zituzte eskualdean, joan berri den asteburuan baino hiru kasu gutxiago. Intzidentzia tasak ere gora egin du aurreko bi asteburuekin alderatuta, eta 201,31koa da une honetan.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak duela minutu gutxi kaleratu du pandemiaren inguruko txostena. Ostiraletik atzora bitartean egindako PCR eta antigeno probetan Osasun Sailak bederatzi kasu positibo hauteman ditu Zarautzen –hiru kasu ostiralean, lau zapatuan eta bi igandean–.

Aurreko asteazkenean eta ostegunean bederatzina kasu baieztatu zituzten herrian, eta egun horietako kopuruekin alderatuta kasuek behera egin badute ere, zenbatekoak gora egin du aurreko asteburuarekin alderatuta: martxoaren 5etik 7ra bitartean sei kasu positibo zenbatu zituzten, joan den asteburuan baino hiru gutxiago.

100.000 biztanleko hamalau egunetako tasak gora egin du aurreko bi asteburuekin alderatuta: 145,63koa zen duela bi aste, 94,23koa aurreko astelehenean eta 201,31koa gaur.

Urola Kostan, guztira, 23 kasu atzeman dituzte ostiraletik atzora bitartean, eta Zarautzen detektatu dituzte kasu gehien. Zumaian, bestalde, sei kasu zenbatu dituzte azken hiru egunetan, hiruna ostiralean eta zapatuan. Zumaian ere gora egin du intzidentzia tasak; izan ere, 101,76tik 132,29ra igo da zenbatekoa han azken hiru egunetako positiboen ondoren. Orion, berriz, lau kasu positibo zenbatu dituzte –bana ostiralean nahiz zapatuan eta bi atzo–. Intzidentzia tasak igo egin da Orion ere; 130,46koa zen tasa ostiralean eta 195,69koa da orain.

Azpeitian, ostera, hiru kasu positibo baieztatu dituzte azken hiru egunetan; bi kasu zenbatu zituzten ostiralean eta bat larunbatean. Hala eta guztiz ere, intzidentzia tasak 210,25etik 190,54ra egin du behera ostiraletik. Getarian zenbatu dute eskualdeko beste kasu positiboa; atzo egindako probetan atzeman zuten kasua. Intzidentzia tasa, halere, jaitsi egin da han, eta 141,34an kokatu da zenbatekoa. Eskualdeko gainerako herrietan ez dute kasu positiborik atzeman. Intzidentzia tasa berdin mantendu da Aian eta Beizaman, baina behera egin du eskualdeko gainerako herrietan.

300 kasuren azpitik

Atzo, igandea, 286 kasu positibo zenbatu zituzten Hego Euskal Herrian. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 5.348 test egin zituzten, eta guztira 246 positibo zenbatu zituzten. Bizkaian 136 kasu atzeman zituzten, 66 Gipuzkoan eta 41 Araban; halere, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren hiru laguni ere detektatu zioten positiboa. Positibotasun tasa hiru lurralde horietan %4,6koa izan zen. Nafarroan, bestalde, 946 PCR eta antigeno test egin zituzten atzo, eta guztira 40 kasu positibo zenbatu zituzten; positibotasun tasa %4,2koa izan zen han.

Ospitaleen egoeraren berri eman du Osakidetzak txostenean. Egun 236 lagun daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan; atzo, gainera, hamalau lagun ospitaleratu zituzten. Zainketa Intentsiboen Unitatean edo ZIUn, aldiz, 97 pertsona daude. Oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizeak, halaber, behera egin du hamarren bat, eta 1,01ean kokatu da.