Hi gazte! egitasmoaren saioa egingo dute bihar Modelon

Azpeitiko Hi gazte! saioan ere Ilargi eta Iholdi izan ziren. (higazte.eus)

Aldundiak martxan jarri duen egitasmoa Zarautzera helduko da bihar. Iholdi eta Ilargi sortzaileak Modelon izango dira 10:30etik aurrera, eta 14 eta 16 urte bitarteko gaztetxoek entzungo dituzte haien saioak.

Hi gazte! egitasmoa Zarautzera iritsiko da bihar. "Nerabeen aisialdian euskararen erabilera areagotzea" du helburu dinamikak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak jarri du martxan. Ohar bidez jakitera eman dutenez, bereziki "euskarazko ikus-entzunezko edukien kontsumoa hedatzea" du helburu egitasmoak. Hainbat herritan aurkezpenak egin ondoren, Modelo aretoan izango da saioa bihar, 10:30etik aurrera. Sei sortzailek ardazten dute Hi gazte! egitasmoa, eta horietako biren azalpenak zein emanaldiak ikusi ahal izango dituzte Modelora joango diren gaztetxoek: Iholdi aktore eta abeslariarenak eta Ilargi abeslariarenak.

Bi saio egingo dituzte, eta lehenengoan Tolosako BHI institutuko gaztetxoak izango dira Modelon; Lizardi institutukoek, berriz, streaming bidez jarraituko dute saioa.12:30etik aurrera, Salbatore Mitxelena Ikastolako 14 eta 16 urte bitartekoek gozatuko dute saioaz.