Erosketa bonuen programan izena eman dezakete herriko merkatariek

Aritz Mutiozabal 2021ko mar. 17a, 16:25

Hilaren 19tik 28a bitartean izango dute horretarako epea. Guztira, 4.000 bonu banatuko dituzte ekimenarekin bat egiten duten negozioen artean.

Udalak eta Murkilek hitzarmena sinatu dute, eta jarraipena emango diote diruz lagundutako erosketa bonuei. Une honetan, Erosi Zarautzen Bonuak 2021 programan izena eman dezakete merkataritza eta zerbitzuen sektoreko negozioek (ostalaritzakoak eta antzekoak izan ezik), martxoaren 19tik 28a bitartean. Horretarako, udalaren webgunean eskuragarri dagoen inprimakia bete daiteke edo Zarauzko Merkataritza Bulego Teknikoan (Salegi kalea, 14) inskribatu.

Aipatu ekimena apirila eta maiatza bitartean eramango da aurrera, eta, guztira, 4.000 bonu banatuko dituzte programarekin bat egiten duten negozioen artean; negozio guztiek kopuru bera jasoko dute, hain zuzen ere. Bonuek 30 euroko balioa izango dute; horietatik 10 euro udalak finantzatuko ditu eta gainerako 20ak bezeroak ordaindu beharko ditu. Edozein zalantza argitzeko, 943 00 51 00 (2303 luzapena) telefono zenbakira deitu daiteke.