Zabaldu dituzte Frantsesbidea eta Errotaberrirako bide berria

Ezkerretik eskuinera: Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituren diputatua, Xabier Txurruka Zarauzko alkatea eta Javier Zarraonaindia Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuordea. (Amaia Urbieta Arruti)

Gaur goizetik zeharkatu daitezke Frantseskua zubia eta Errotaberri eta Abendañorako bideak. Urtebetean Errotaberri industrialdearen urbanizazio lanak amaitzea espero dute.

Zabalik daude Frantseskua zubia eta Errotaberrirako bidea. 2018 amaieratik itxita egon da Errotaberri eta Aritzbatalde auzoa lotzen dituen bidea obretan aritu direlako, eta gaur goizean inauguratu dute pasabide berritua. Prentsaurrekoa eskaini dute Frantseskua zubian bertan azpiegituraren berri emateko Xabier Txurruka Zarauzko alkateak, Javier Zarraonaindia Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuordeak eta Aintzane Oiarbide Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako diputatuak. 

Txurrukak hartu du hitza lehenik, eta azaldu du azpiegitura berriak «berebiziko garrantzia» izango duela bere ustez «Errotaberrik martxa hartzen duenean». Bi noranzoetan dago zabalduta bide berria eta, hirigunearen barruan kokatzen denez, 30 kilometro orduko zirkulazio muga ezarri dute. «Garrantzitsua» izango da bide berritua Txurrukaren hitzetan, Errotaberrira sarbidea erraztuko duelako.

Oiarbide diputatuak horixe nabarmendu du, hain zuzen ere: «Industrialderako sarrera berri hau egiteak erraztu egiten du enpresen lana, baina, baita ere, kontuan hartu behar da kamioiek herri barrutik egin beharreko ibilbideari 800 metro kendu dizkiogula. Lehen herri osoa zeharkatu behar zuten kamioiek industrialdera sartzeko, eta orain erraztu egin ditugu gauzak». Oiarbidek zehaztu du aldundiak 1.026.400 euro jarri dituela azpiegitura berria egiteko, hain zuzen, finantziazio osoaren %75. Gaineratu du emaitzarekin «oso gustura» geratu direla. 


2023rako martxan

Zarraonaindiak eskerrak ematen hasi du bere hitzartzea, eta nabarmendu du Errotaberri inguruan udalak «izugarrizko lana» egin duela industrialdearen proiektua aurrera ateratzeko. Azaldu duenez, behin bide berria inauguratuta, «bukatzear» daude Errotaberri industrialdeko gainontzeko urbanizazio lanak ere. Denera 200.000 metro koadro eta 16 partzela industrial izango ditu Errotaberrik, eta urbanizazio lanak urtebetean amaitzea espero dute. Orotara, Errotaberri industrializatzeko inbertsio globala 9 milioi eurokoa izan dela ere eman du jakitera sailburuordeak. 

Txurrukak gaineratu du behin lan horiek amaitutakoan bestelako zereginei ekin beharko dietela, pabilioiak eraikitzeari eta horien lizitazioak esleitzeari, esaterako. Dena ondo bidean, aurreikusten dute 2023rako finkatuta egotea industrialde berria. «2023ra begira, espero dugu ikustea Zarautzen errotuta dauden enpresak eta kanpotik etor daitezkeen beste batzuk nola jartzen diren martxan industrialde berri honetan». 

Zarraonaindiak azpimarratu du eragile publiko zein pribatuek egin dutela lan Errotaberri garatzen, eta esan du «zoriontzeko eguna» dela gaurkoa. «Denon artean lan eginda harago iristen gara eta lortzen ditugu aberastasuna, enplegua eta ongizatea Zarautzentzat, Gipuzkoarentzat eta Euskadirentzat», burutu du hitzartzea sailburuordeak.

Gustura agertu da alkatea inaugurazioan, eta adierazi du etorkizunean lanean segiko dutela azpiegituren sendotzeak jarraipena izan dezan. Horren harira, hurrengo pausoek data zehatzik ez duten arren, asmoak eta zirriborroak badituztela azaldu du Txurrukak. «Ikusten dugu asmo horiek beren denbora behar dutela, COVID-19ak eragindako egoerak erabat baldintzatzen duelako eskuen artean dauzkagun proiektuan garapena». Gaineratu du Zarautzek «helburutzat» izan beharko lukeela «industrialdeek sarrera propioa izatea AP-8 autobidetik».

Errotaberri industrialdearen barruan ari dira bide gehiago egiten, eta bat izan ezik martxan dira beste guztiak. Hirigintza planean jasota dagoen moduan, falta dena egiteko lanak uda aurretk esleituko dituzte, eta gas erregulazioko txabolatik KSB Itur enpresara doan bidea jarriko dute erabilgarri.

Alkateak adierazi du Zarautzen badirela arazo etxebizitza edo aparkalekuak, baina industriaren arloa lantzea ere garrantzitsua dela. «Ondasuna banatzeko, aurrena sortu egin behar da, eta horretarako industria sektoreak garrantzia handia dauka Euskadin, eta Zarautzek ez du atzean geratu nahi. Geure neurrian, estrategikoki apustu horren aldeko bidea hartu genuen eta hori burutu behar dugu», adierazi du Txurrukak.