‘Zeruak eta infernuak’ kronika liburua aurkeztu du Txilikuk

Onintza Lete Arrieta 2021ko mar. 19a, 09:30
Helduentzako liburua da Txilikuk oraingoan osatu duena. (Onintza Lete Arrieta)

Gizakiaren irudimenak sortutako istorioetatik abiatuta, 45 kontakizun egin ditu beste horrenbeste piezatan. Elkar argitaletxearekin plazaratu du lana.

"Ez da pandemiarekin sortutako liburua, izenburuak, Zeruak eta Infernuak, itxura hori ematen badu ere", azaldu du hitza hartu orduko Jesus Mari Olaizola, Txiliku idazleak (Zarautz, 1951). Atzo aurkeztu zuen Donostian helduentzako idatzitako liburua –haurrentzako egin izan ditu liburu gehienak–, eta bezperan aritu zen Urola Kostako Hitzarekin solasean. 45 piezaz osatutako lana ondu du, kronika estiloan, eta Elkar argitaletxearekin plazaratu. "Pieza denek duten lotura da fikziorik ez daukatela. Benetan gertatutakoak dira, edo mugan daudenak; hau da, batzuetan ez dakigu zenbateraino gertatu ziren, edo zenbateraino kulturak sortu zituen". 

Hala, liburuan "utopiak, eutopiak edo distopiak" daude, eta horri lotuta, giza irudimenari eman dion presentzia azpimarratu du Txilikuk: "Gizakiak duen bereizgarrietako bat da irudimena edukitzea, eta ikusi ez duena eta bizi ez duena irudikatzea. Elementu horietatik sortu dira bai zeruak eta bai infernuak". Liburua "miszelanea edo saski-naskia" dela uste du Txilikuk, baina badaude ideia nagusiak: "Nabarmenena da gai garela sortzeko gure antolatzeko erak eta gizarteak nola izan behar duen pentsatzeko erak, baina askotan, onera joan behar lukeena okerrera joaten dela, edo biak sortzen direla; bikoiztasuna dago. Halako asmo onarekin sortu dugu guretzat izan daitekeen antolakuntza utopiko onena, baina gero beste alderdi batetik sortu zaigu horrek duen alde itsusia edo zeharo ankerra". 
Helduentzat egindako kontakizunak dira, bai eduki aldetik, bai hizkuntzari dagokionez. "Zailtasun handiegirik ez dute testuek, ez gaiarengatik, ez kontakizunari dagokionez, baina horiek irakurtzeko behar da munduaren ezagutza gutxieneko bat, agian ume batek oraindik ez daukana".


Txinan eta Grezian barna

Txilikuk aitortu du liburuan badagoela aurrez egunkari honetako Puntuka iritzi atalean argitaratutako materiala, moldatuta edo osatuta. Baina nabarmentzekoa da, egunkarian inguruko esparru geografikoa baldin badu ardatz, liburuan Txinaz, Greziaz, Arabiaz... ari dela. Han eta hemen irakurriak eta ikasiak bildu ditu. 70etik gora kontakizun zituen Txilikuk idatziak, "editoreek jakintsuki" 45 kronikatara murriztu dituztenak. Esaterako, bada inspiraziotzat balio izan dion liburu bat: "Idazle txinatar batek Bo Wu Zhi izeneko lana argitaratu zuen hainbat liburutan. Jakintza guztien bilduma egin nahi zuen. Kontakizun xelebre edo berezien bilduma zen, neuk bere garaian irakurritakoa, frantsesez uste dut, eta liburuko sarreran aipatu dut".

 
Liburuan badute lekua mendebaldeko kulturan «arrasto handia» utzi zuten Greziako eta Erromako historiak nahiz mitologiak ere. "Euskaldunak oso euskaldunak gara, baina, batez ere, europarrak gara, eta ez dut uste ukatu behar dugunik eragin handia izan dugunik. Askotan, gurea zela uste genuen istorio bat, Polonian ere kontatzen dutela jakiten duzu, edo Tartalo, gure amona Margaritak hizpide izaten zuen pertsonaia, Grezian ere agertzen dela, eta kasualitatea ere ezin da izan". 

Txilikuren liburuko pasadizo zehatzetara joz, infernuetako bat Jerusalemen kokatuta dago, k.a. 2.000 urte inguruan: "Garai hartan munduko hiri handienetako bat izango zen Jerusalem, eta bazen kanpoaldean auzo bat, non hiriko zaborrak erretzen zituzten. Zabortegia zen. Han bizi ziren kriminalak, eta baztertutako jendea ere elkartzen zen hondarren bila. Bada, oso irudi garbia eta metafora polita sortu zuten, zera esateko: ‘Zein da sufrimendua eragiteko lekurik egokiena?’. Bada, zabortegi bat, inoiz surik itzaltzen ez den toki bat, betiereko sua dagoena. Toki haren hasierako izena ez zen infernua, gero deitu zitzaion horrela". Txilikuk azaldu du iparraldeko herri batzuetan infernua leku oso hotz bezala asmatu dutela. "Azkenean, gure beldurrak dira, eta horretaz doa liburua. Nola gauzatzen ditugun beldurrak leku jakin batean, eta gero, nola esaten dugun: ‘Kontuz, ez baduzu betetzen hemen guk arautu dugun gizartea antolatzeko modu hau, zigortu egingo zaitugu, eta ez bakarrik hemen, gero ere bai, eternitate osoa egongo zara’". 

Utopia "polit" bat, berriz, Alamut gotorlekua izan zitekeela esan du Txilikuk. "Gizonentzat", zehaztu du. "Irango iparraldean eta Siriako goialdean zegoen, lorategi ederrarekin, ur freskoarekin, neska gazteekin... Mutil gazteak eramaten zituzten hara, haxixa ematen zieten, eta hala egoten ziren, laino batean bezala. Halako batean, esaten zitzaien ikusi zutela nolakoa zen paradisua, eta hara itzuli nahi bazuten, eginkizunen bat egin behar zutela. Normalean hilketa zehatzak izaten ziren, edo norbait beldurtzea. Eta esaten zieten eginkizuna ondo betez gero itzuliko zirela, eta hara itzultzen ez baziren, lasai egoteko, toki ederrago batera joango zirela. Hori da­ lurrean sortutako paradisu bat, gero beste bat iradokitzeko». 

Kontakizunetan ikasbide edo ondoriorik ez txertatzen saiatu da Txiliku. «Umore pixka batekin aurkeztu ditut, hori bai". 

 

Kronika, gaur egun askorik erabiltzen ez den estiloa

 
Zeruak eta Infernuak azken liburua idazteko, kronika estiloa aukeratu du J.M. Olaizola Txiliku idazle zarauztarrak. Eta idazleak azaldu du idazketari buruzko gogoeta bat egin duela. «Uste dut beti oso berandu etorri garela euskarazko literatura egiteko garaian eta hutsune handiak utzi ditugula. Gero, salto handiak egin dira, eta uste dut gaur egun euskal literaturan egiten den lanak beste edozeinen aurrean agertzeko duintasun osoa duela, baina beti gelditu dira halako hutsune batzuk, eta kronika, esango genuke, idazteko era edo modu horietako bat dela». Gaur egun ere gutxi erabiltzen dela uste du. Estiloa azaltzeko, Txilikuk konparaketa bat egin du: "XVIII. mendean, hainbat herrialdetan, Alemanian esaterako, egutegiaren atzealdean idazten ziren istoriotxoak, halako eredu edo kontakizun bezala, eta alderdi horretatik doa nire lana". 

Beste konparazio bat ere egin du: "Hau pixka bat modernoagoa da, baina denboran pixka bat atzera egiten badugu, honelako adibideak egiten zituzten bai sermoilariek, bai liburuen egileek. Exemplum bat kontatzen zen [helburu moralizatzailea zuen kontakizuna], zerbaiten azalpen gisa». Txilikuk ironia ere erabili du idazterakoan. «Istorio hauek kontatzerakoan beti distantzia hartzen dut, esateko ‘aizue, ez ezazue dena sinistu e, ni idazle bat naiz eta’".


Ahozkotik gertu

Gaur egunera ekarrita, bere lana ahozko kontaketaren luzakin bat dela uste du Txilikuk. "Gaizki gabiltza ahozko kontaketa bat liburu batean baldin badator, baina esan nahi dut, nolabait, elkarri kontatuko genizkiokeen kontuak direla. Nik ikusten dudana da gero eta ohitura gutxiago dugula elkartu eta lehen bezala aritzeko; esaterako, auzokoak artazuriketan aritzen zirenean, lana egin bitartean solasean aritzen ziren, kontuak esaten. Izan zitezkeen familiako kontuak, edo herrikoak, edo izan zitezkeen asmatutakoak. Eta, nolabait, fantasia horren barruan sartzen da liburuan egin dudana".