Xabier Txurruka alkateak jakinarazi duenez, Bidegik zarataren kontrako pantailak jarriko ditu AP-8 autobideko hainbat puntutan, Zarautz parean. Hala aurreratu zion ostiralean Zarautzera egindako bisitan udalari Aintzane Oiarbide aldundiko Bide Azpiegituretako diputatuak. Izan ere, Frantseskua eta Errotaberri lotzen dituen bidea inauguratzen izan zen ostiralean.
Zarataren aurkako pantailak jartzeko proiektua 2021eko bigarren seihilekoan idatziko dela zehaztu du Txurrukak, eta "La Salle ikastetxea, Orokieta, Lizardi institutua eta Zarauzko osasun-zentroa bezalako zaratarekiko eraikin sentikorrak babestuko dituzten pantailen tipologia eta garaierak zehaztuko ditu".
Hain zuzen, ikastetxeen aspaldiko eskakizuna da Bidegik pantailak jartzea beren ikasleak autobideko zirkulazioak eragiten dituen zaratetatik babesteko, eta udalari ere helarazi izan diote eskakizun hori.