Giro bikaina izan da 2021eko Oriaren Jaitsieran

Mireia Galarza Bastida 2021ko mar. 21a, 14:01

10:00etan eman diote hasiera aurtengo Oriaren Jaitsierari, eta eguraldiak lagunduta, dozenaka herritar elkartu dira traineruak ikusi eta animatzera. Guztira, emakumezko eta gizonezkoen 30 talde atera dira, eta Hondarribiak eta Donostia Arraun Lagunak taldeek irabazi dute. Hemen jaitsieraren argazki bilduma.

Oriaren 27. Jaitsiera jokatu dute gaur Orion 30 ontzik, 20k gizonezkoetan eta hamarrek emakumezkoetan. 6.000 metro egin dituzte aurrenekoek arraunean, eta 4.000 metro emakumezkoek.

Gizonezkoetan lehia egon da, eta segundo batengatik Hondarribiak eraman du bandera, 19:17,58 denbora eginda. Santurtzi eta Kaiarriba A izan dira bigarrenak eta hirugarrenak. Zarautz-Gesalaga-Okelan A taldeak, berriz, 7. postuan amaitu du, 19:59,75ko denbora eginda. Herriko gizonezkoen bigarren taldeak 20:56,66 behar izan du proba amaitzeko.

Emakumezkoetan errazago nagusitu da Donostia Arraun Lagunak trainerua, 14:42,03 denbora egin eta bigarrenari bederatzi segundo aterata. Donostia Kaiarriba izan da bigarren, eta Orio hirugarren, 11 segundora (14:53,19). Emakumezkoen Zarautz-Gesalaga-Okelan taldeak bederatzigarren amaitu du lehia, 16:05,79ko denbora eginda.

PDFa. Ikusi hemen sailkapenak