165 txirrindularik parte hartu dute XXX. Zarauztarra Sarian

Urtzi Oteiza 2021ko mar. 21a, 17:10

Aritz Aranbarri eta Garazi Bergara izan dira irabazleak lehen urteko kadeteetan. Guzman Greccok eta Lur Zufiriak, berriz, irabazi dute bigarren urteko kadeteetan.

XXX. Zarauztarra Saria jokatu dute gaur kade txirrindulariek, eta Aritz Aranbarri eta Garazi Bergara izan dira irabazleak lehen urtekoen proban. Guzman Greccok eta Lur Zufiriak, berriz, irabazi dute bigarren urtekoen lasterketa. 52 kilometroko ibilbidea egin dute Zarauztarra Sarian parte hartu duten lehen urteko eta bigarren urteko kadeteek. Astitik atera, eta Nafarroa kaletik parrokia aldera egin dute, han Getariarantz jarraitzeko N-634 errepidetik. Zumairaino iritsi dira, eta saihesbidetik Txikierdira iritsi, Oikiara hartu, Aizarnazabalerantz segi Iraetara arte, eta handik Arroara jarraitu dute.

Arroa Behean, berriz Txikierdira, eta bigarren buelta egin dute, Oikia, Aizarnazabal, Iraeta eta Arroa zeharkatuz. Gero, berriz Getariarako bidea hartu dute, eta Zarautzen Nafarroa kale osoa zeharkatu dute, autobideko biribilgunean kanpinerako bidea hartuz. Han izan da helmuga, Mendibeltz bidean. Sari banaketa, berriz, Astin egin dute.