Apirilaren 3an jokatuko dute Realak eta Athleticek Espainiako Kopako finala, Sevillan (Andaluzia, Espainia). Hori dela eta, Jokin Aperribai Realeko presidenteak gutun bat helarazi zien Gipuzkoako udalerrietako alkate guztiei, Gurekin kanpainaren berri emateko. Hain zuzen, Gipuzkoako futbol talde nagusia lurralde osoa zeharkatzen ari da udalerri guztietako ordezkariekin banderak trukatzeko —udalerri bakoitzekoa eta futbol taldearena—, eta gaur, asteartea, 10:00ak aldera iritsi da Zarautzera.
Malekoian egin dute bandera trukea Iratxe Aranburuk udalaren izenean, eta Realeko hiru ordezkari bertaratu dira: Joseba Ibarburu presidenteordea, Mitxel Loinaz jokalari ohia, eta Zarauzko bizilaguna den Jesus Ruiz Realeko kontseilaria. Azken honek ZARAUZKO HITZAri adierazi dio "ideia oso ona" iruditzen zaiola "Gipuzkoarentzat udaletxe guztiek banderak trukatzea Realarekin, eta uste dut jokalariei indarra emango diela ekitaldi sinboliko honek".
Realaren autobusa Oriotik eta Aiatik bueltan etorri da, eta Aizarnazabal aldera jarraitu du, handik Zestoa, Azpeitia, Azkoitia, Errezil eta Beizama bisitatzeko. Atzo igaro zen Urola Kostako beste bi herrietatik, Getariatik eta Zumaiatik. Atzo eta gaur artean, Gipuzkoako herri gehienetako banderak jasoko ditu Realak.