Igoera faseko zortzi partidak borrokatzeko asmoa du Zarauzko emakumezkoen lehen taldeak. Konfiantzaz eta gogoz beterik daude, eta guztia emango dutela ziurtatu dute taldeko futbolari June Yeregi, Ane Mugika eta Leire Larrañagak.
Liga Nazionalerako igoera fasea jokatzeko sailkatzea izan da taldearen lehen helburua. Behin hori lortuta, zein aldarterekin zaudete orain?
June Yeregi: Poztasun handia izan da taldearentzat igoera faserako sailkatzea. Behin ligaxka horretan egonda, gure helburua lehiatzea da eta lehenengo lauen artean sailkatzea.
Euskal Ligako bi multzoak kontuan hartuta, koefizientearen araberako sailkapenean, bostgarren postuan zaudete. Espero al zenuten?
Leire Larrañaga: Bai. Nik uste dut gure aurreikuspenen barruan zegoela pixka bat hor goian ibiltzea eta igoerarako sailkatzea. Baina egia da orain ekingo diogun fasean gustatuko litzaigukeela postu bat gorago kokatzea sailkapenean.
Beste multzoa zuena baino indartsuagoa dela esan al daiteke?
Ane Mugika: Hala da, bai. Azkenean, Eibar eta Athletic daude, eta klub horiek betidanik izan dira oso potenteak. Jokalari onenak aurkitzen saiatzen dira. Orduan, haien aurka lehiatzea nahiko zaila izaten da normalean, baina sailkapenean gugatik oso gertu dago Bizkerre taldea, laugarren postuan, eta haiek pasatzen ahaleginduko gara.
Igoera fasean beste multzoko talde horien aurka soilik jokatuko duzue. Hori mesede ala kalte da zuentzat?
J.Y.: Ez dakit bada... Gure multzoan Anaitasuna izan dugu nagusi, eta puntu asko atera dizkigu. Beraz, horri buelta ematea oso zaila ikusten dugu. Orain, esan bezala, Athletic eta Eibar izango ditugu aurkari, lehen mailara begira dauden jokalariekin.
Beraz, ez da lan erraza izango. Larunbat honetan jokatuko duzue igoera faseko lehen partida Eibarren aurka.
J.Y.: Hala da. Larunbatean Astin jokatuko dugu, 15:30etik aurrera, Eibarren aurka. Hurrengo bi asteetan geldialdia izango dugu Aste Santua dela medio, eta, gero, Athleticengana joango gara.
L.L.: Oso gogotsu gaude, ezustekoren bat emateko prest! Ahalik eta gerra gehien eman nahi dugu, eta emaitza politak lortu.
Zarautz izan al daiteke ezustekoa emango duen taldea?
J.Y.: Nik baietz uste dut. Gogotik borrokatuko dugu, eta hortxe egongo gara. Athletic eta Eibar direlako ez dute ezer irabazita gure aurka!
A.M.: Iaz ere Eibarren aurka neurtu genituen indarrak, eta ez ginen gaizki aritu. Hemen [Asti futbol zelaian] azken unean sartu ziguten gola, eta han berdinketa lortu genuen. Aurten taldea motibatuago dago, askoz lan gehiago egin dugu, eta ezustekoak egon daitezke. Baina jakitun zarete mailaz igotzea oso zaila dela, ezta?
L.L.: Gure helburua da ahal den guztia lortzea. Hala ere, errealistak gara eta badakigu ahalegin hori agian ez dela igoera batean islatuko.
J.Y.: Zortzi partida baino ez ditugu jokatuko fasean, eta hori gutxi da lehen postura iristeko, gainerako taldeak atzean utzita.
A.M.: Anaitasunak, Eibarrek eta Athleticek nahikoa puntu ateratzen dizkigute, baina geratzen zaizkigun zortzi partida horietatik ahal ditugun gehienak irabazten saiatuko gara. Ahal izanez gero, denak.
L.L.: Taldea oso bateratuta dago, gogotsu, gauza politak lortzeko asmoz.
Nolako taldea zarete? Nola definituko zenukete zuen jokoa?
L.L.: Lehiakorrak gara. Talde zaila gara aurkarientzat zelai barruan. Geure burua talde azkarra bezala definituko nuke.
J.Y.: Partidak hasieratik bukaeraraino borrokatzen ditugu. Aurkaria edozein izanda ere beti lehiatzen ditugu azken minutura arte.
A.M.: Ez dugu sekula amore ematen! Gainera, oso elkartuta gaude jokalariok eta multzo trinkoa osatu dugu. Ez dakit beste taldeetan nola funtzionatzen duten, baina gure artean kristoren laguntasuna sortu da, eta futboletik kanpo ere elkarrekin geratzen gara. Aurten taldera gehitu zaizkigun jokalari gazteak ere primeran egokitu dira. Beraz, bat eginda gaude.
J.Y.: Egia esan, aurten gazte asko ditugu taldean eta maila ona ematen ari dira.
L.L.: Aire freskoa eman diote taldeari, orain arte ez geneukana, eta oso gustura gaude.
Anaitasuna eta Zarautz, igoera fasean murgilduta
Anaitasuna eta Zarautz Liga Nazionalerako igoera fasea jokatzen hasiko dira asteburu honetan, Euskal Ligako lehen faseko beren multzoan lehene ta hirugarren postuan sailkatu ondoren, hurrenez hurren. Athletic C, Eibar B, Elorrio eta Leioa izango dituzte aurkari bigarren fase honetan. Zarautzen eta Anaitasunaren multzotik Bizkerre B eta Erandioko Betiko Neskak taldeek lortu dute sailkatzea, baina horien aurka ez dira lehiatuko, multzo berekoak aurretik jada elkarren aurka jokatu dutelako bi aldiz, etxean eta bisitari gisa.
Beraz, lehen fasean batutako puntuak kontuan hartuko dituzte igoera fasean. Puntu horiek, ordea, koefiziente baten baitan atera ditu federazioak, eta horren arabera, hirugarren dago sailkatuta egun Anaitasuna eta bosgarren Zarautz. Liga Nazionalera iristeko, zortzi neurketako bidea dute aurretik guztiek, eta talde bakarrak eskuratuko du Liga Nazionalerako txartela. Athletic dago une honetan buruan. Larunbat honetan Zarautzek Eibar B izango du aurkari Astin, 15:30ean, eta Anaitasunak Leioa, 16:00etan, Txerloian.