Aste Santua ate joka den honetan, COVID-19a hedatzea ekiditeko neurrien inguruko kontzientziazio kanpaina jarri dute martxan udalak eta Zurekin Ostalarien Elkarteak, "norberaren eta haien ingurukoen osasuna zaintzen jarrai dezaten eskatzeko".
Kanpainaren inguruko prentsaurrekoa eskaini dute gaur Munoa plazan udalak eta Zurekinek, eta Ixidor Larrañaga Turismo zinegotziak nahiz Julen Olazabal Zurekin elkarteko kideak hartu dute hitza bertan. Azaldu dutenez, bihartik ekainaren 12ra bitartean, hezitzaile taldeak ibiliko dira herriko kaleetan taberna eta jatetxeetako bezeroei segurtasun neurriak errespetatu behar direla gogorarazten. Bost gunetan banatu dute herria horretarako, eta jendearen joan-etorri handiagoa espero den guneetan maizago ibiliko dira hezitzaileak. Guneak Alde Zaharra, malekoia, Azken Portu, Aritzbatalde eta San Pelaio dira. Ostiral iluntzetik igande eguerdira bitartean ariko dira hezitzaileak lanean, batez ere, bazkalaurre eta afalaurrean, tabernak beteen egoten diren uneetan. Izan ere, opor garaia da askorentzat Aste Santua, eta litekeena da turista askok Zarautz bisitatzea datozen egunetan. Prentsaurrekoan esan dute terrazetan esertzerakoan maskara kendu egiten duela jendeak sarri, eta bertatik altxatu arte ez duela berriro janzten. "Kanpaina honen helburuetako bat da musukoa kontsumitzerako unean bakarrik kendu behar dela gogoraraztea", adierazi du Larrañagak.
Helarazi nahi den mezua "positiboa" dela zehaztu du zinegotziak. Horretarako, hezitzaileek arauak gogorarazteaz gain kolore deigarriak dituzten maskarak banatuko dituzte bezeroen artean; printzipioz, 5.000 maskara egin dituzte kanpainan banatzeko. "Fluor koloreko musuko hauek ostalaritzak herriari ematen dion poztasuna eta kolorea islatu nahi dute eta guztion ardura da pandemia egoera honetatik ateratzeko lanean jarraitzea", azaldu du Larrañagak. Gaineratu du Zarauzko ostalariek "lan bikaina" egin dutela orain arte, eta herritarrek "arduratsu izaten jarraitu" behar dutela "denon osasuna bermatzeko". Bestalde, aditzera eman dute argazkian agertzen direnen moduko kartelak jarriko dituztela tabernetan "kontzientziazioa areagotzeko", baita hainbat bideo labur argitaratuko dituztela ere.
Olazabal ostalariak azaldu du kanpaina hau onuragarria dela ostalarientzat, mugikortasuna malgutu zutenetik bezero gehiago ari direlako edukitzen, eta datozen asteetarako ere jende gehiago espero dutelako. "Guk nahi duguna da bezeroek ostalaritzaz gozatu ahal izatea eta geure lana ondo egiten jarraitu ahal izatea", gaineratu du.