EH Bildu: "Bide berriak ez du trafiko astunaren arazoa konpontzen"

Aurreko astean zabaldu zituzten berriro Frantsesbidea eta handik Errotaberri industrialdera joateko bidea, 2018tik itxita egon ondoren. Bide berrien aurkezpenean izan zen Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituren diputatua, eta hark azaldu zuen «bereziki pozgarria» zela trafiko astunak herritik egin beharreko ibilbidea 800 metro murriztu izana. 

EH Bildu udaleko oposizioko alderdiak bide berriaren inguruko iritzia eman du prentsaohar bidez, eta bere aburuz, «obra horrek zertxobait hobetu dezake Zarauzko industrialdearekiko lotura, baina ez du, inola ere, trafiko astunaren egoera hobetuko».  Are gehiago, inguru horretan bizi diren herritarrentzat «ondorio kaltegarriak» izan ditzakeela baieztatu du koalizioak, «kamioiak, trailerrak eta abar desbideratuko baititu Zuberoa edo Frantsesbidea kaleetatik». «Gainera, horietara iristeko Araba-Zuberoa hego-ekialdeko bidegurutze korapilatsuetatik igaroko dira, Orokieta ikastetxe aurretik besteak beste, gune horietako trafikoa handituz».

Bilduk ziurtatu du trafiko astunaren arazoa konpontzeko irtenbidea «autopistatik industrialdera doan zuzeneko saihesbidea» dela, eta «EAJk hainbat proposamenen aurka» bozkatu izanak saihestu duela lotura hori eginda egotea. «Gogoratu behar da proiektu hori autobiaren lehen fasearen barruan jasota dagoela eta Zarauzko EAJ eta EH Bildu, udalerriko talde nagusiak, horren alde agertu zirela».

Bestetik, aditzera eman du «EH Bilduk gobernatutako Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2015eko aurrekontu proiektuan saihesbide hori egiteko partida bat» zegoela, eta «EAJk atzera bota» zituela aurrekontu horiek. Horrez gain, aldundiaren 2018ko aurrekontuetan EH Bilduk «Zarauzko saihesbidea egiteko milioi bateko partida bat eta hurrengo bi urteetarako konpromisoak» sartzeko eskatu zuela ere adierazi dute, eta «berriro ere EAJk kontra egin»â€ˆzuela. «Gaur, gure poligonoekin autobidetik lotura zuzena izango genuke EAJk proposamen horien guztien aurka bozkatu izan ez balu», baieztatu dute.

Horrez gain, kezkatuta agertu da koalizioa, beren esnetan aldundiak zein Xabier Txurruka Zarauzko alkateak gai horrekiko «jarrera inmobilista» agertu dtuelako; «saihesbidea ez baita aldundiaren ez aurreko agintaldiko plan estrategikoan ez egungoan jaso, Zarautzen eta zarauztrren beharrak alde batera utzita».


«Beharrezko azpiegitura»

Oposizioko alderdiak, dena den, nabarmendu du Zarautzek behar dituela «enpresak erakarriko dituen azpiegiturak», eta azaldu du «Zarautzen gainbeheran dagoen industria indartzeko urrats guztiek» beraien «erabateko babesa» izango dutela.

Azaldutako guztiagatik, «aldundiarekin batera pausoak planifikatu eta eman» ditzala eskatu diote alkateari, «gehiago itxaron gabe, zarauztarren ongizaterako eta gure herriaren   garapen industrialerako hain garrantzitsua den azpiegitura» egin dadin.