Turismoa egiteko beste era bat

GOT Gipuzkoako Orientazio Taldeko kide bat 2018ko Zegama-Otzarte orientazio proban. (Ion Varela)

GOT Gipuzkoako Orientazio Taldeak orientazio ibilbide iraunkorrak atondu ditu Zarautzen eta Seguran; zailagoak dira ibilbide batzuk, eta errazagoak beste batzuk.

Gauza jakina da pandemiak asko murriztu dituela aisialdirako aukerak, eta herritarrek lehen zituzten ohiturak alboratu behar izan dituztela eta berriak hartu. Gauez kalean ibili ezinak, mugitzeko mugek, leku itxiak eta jende pilaketak ekiditeko aginduek, etxetik ateratzeko beharrak eta beste hainbat faktorek mendira joatera bultzatu dute jendea; hori bihurtu da askoren astuburuetako plana. Baina zergatik ez eman beste ukitu bat betiko mendi buelta horri? Orientazioa praktikatuz egitea da Ibon Goikoetxea GOT Gipuzkoako Orientazio Taldeko kidearen proposamena: “Mendiaz gozatzeko eta bazterrak ezagutzeko primerako kirola da, eta edonork egin dezake, gainera”.

Beste edozein kiroletan bezala, orientazioan ere badira lehiaketak. Baina, horiek alde batera utzita, GOT azkenaldian ahalegin berezia egiten ari da kirola bera ezagutarazteko eta herritar ororen eskura jartzeko. Horren erakusgarri, beste bi ibilbide iraunkor prestatu ditu taldeak: asteartean aurkeztu zuten Segurakoa, eta larunbatean Zarauzkoa.

Etzi, igandea, estreinatuko dute Segurako ibilbidea, proba batekin. Orientazioan edo mendian federatuta dauden 16 urtetik gorako herritarrek parte hartu ahal izango dute proban, baina, behin lehia bukatuta, herritarrentzat erabilgarri geldituko da zirkuitua, noiznahi egiteko moduan. Segurako ibilbide iraunkorraren barruan, hiru zailtasun mailako ibilbideak prestatu ditu GOTek. Ibilbide horia familian egiteko modukoa izango da: kilometro bateko luzera du, eta hamar baliza. Ibilbide laranja luzexeagoa da: 2,5 kilometroko luzera du, eta hamahiru baliza. Azkenik, gorria, ibilbiderik luzeena eta teknikoena, orientazio kirola ezagutzen dutenentzat izango da: 3,5 kilometroko luzera du, eta hamasei baliza. Mapak eskuragai egongo dira GOTen webgunean, Segurako udaletxean, Ardixarra etxean, Imaz hotelean eta Ondarre nekazaritza etxean.

ZARAUZKO ORIENTAZIO MAPA BAT

Zarauzko ibilbide iraunkorraren barruan ere hiru zailtasun mailako ibilbideak atondu ditu taldeak, guztiak ere herriko eraztun berde-urdinean. Ibilbide horia bi kilometroko bira bat da, Vista Alegreko parkearen inguruan, eta hamar baliza ditu; ibilbide laranja Mutxio eta Santa Barbara ermitaren inguruetara iristen da: 2,7 kilometroko luzera du, eta hamabi baliza ditu. Gorria, Zingira inguruan, 3,9 kilometroko bira bat da, eta hamabi baliza ditu. Hiru ibilbideak Turismo Bulegoan hasi eta bukatzen dira, eta mapan zehaztutako plaka zuri-laranjak aurkitu beharko dituzte herritarrek, hurrenkera jakin batean. Plaka bakoitzak hizki bat darama, eta, hizki horiek mapan apuntatu ondoren, Turismo Bulegoan aurkeztu beharko dituzte. Maiatza bitarteko epean aurkezten dituztenen artean opari bat zozkatuko dute, gainera. Ibilbideen mapak Turismo Bulegoan bertan eskura daitezke, eta baita Zarauzko Udalaren eta GOTen webguneetan ere.

Probatzeko gonbidapena

Goikoetxeak ibilbide iraunkor horiek eta lurraldean barrena prestatuta dituzten besteak egitera animatu ditu herritarrak, “lekuak beste era batera ezagutzeko aukera ona eta atsegina” direlako. Adierazi du “turismoa egiteko aisialdiko beste eskaintza bat” direla, eta norberak nahieran egin ditzakeela, “jolas modura edo lehiatuz”. Taldearentzat, berriz, orientazioa ezagutzera emateko “primerako baliabidea” direla uste du: “Ibilbideak prestatzeak dezenteko lana du, baina merezi du, eta are gehiago horrek orientazioa ezagutarazteko balioko badu”.

Izan ere, pixkanaka lekua egiten ari den arren, orientazioa kirol txikia da oraindik. “Geure alde dugu pandemia garaiotan ere arazo handirik gabe praktika daitekeela, eta esan dezakegu azken urteotan taldea indartu eta egonkortu egin dela”. Esan du eskoletatik ere gero eta eskari handiagoa dutela, eta hasita daudela haiekin elkarlanean ere.