Hiri Antolamenduaren Plan Orokorraren aldaketa (9.2.03 artikulari dagokiona) onartu zuten osteguneko osoko bilkuran, Udal Gobernuko zinegotzi jeltzaleen eta sozialisten aldeko hamabi botorekin. EH Bilduko zortzi zinegotziak abstenitu egin ziren, eta Podemos-Equo-Berdeak taldeko ordezkaria aurka agertu zen.
13 urte pasatu dira Zarauzko Hiri Antolamenduaren Plan Orokorra behin betiko onartu zutenetik. Salberdin Areak onartuta dauka bere plan berezia eta bere gauzatze urbanistikoa hasita dagoela adierazi zuen Xabier Txurruka alkateak, baina ez dela gauza bera gertatu Hegoalde eremuarekin. Aurreikuspenen arabera, Plan Orokorraren lehen lau urteetan Salberdin garatzeko asmoa zegoen eta ondorengo lau urteetan Hegoalde. "Nahi baino askoz gehiago atzeratu da eta hainbat urte pasatuko dira etorkizuneko planteamendua idatzi arte", nabarmendu zuen alkateak bilkuran.
Hegoalde eremuko eraikinen artean, eraikin industrialen tipologia nagusitzen da, batzuk jabetza horizontalean zatitzen dira eta besteak ez. Aldaketa berri honen bidez, jabetza horizontaleko zatiketak baimenduko dituzte, Abendañoko eta Errotaberriko industrialdeetan eskatzen den baldintza berarekin; hau da, gutxienez ere, 150 metro koadro erabilgarriko azalera izatea balizko zatiketa horien ondoren. "Jarduera ekonomikoak jartzeko aukera eman nahi dugu aldaketa honekin; batez ere, pabiloi jabeek eta zerbitzu ezberdinek hala eskatu digutelako", aditzera eman zuen Txurrukak.
"Berrikuspen osoa"
Podemos-Equo-Berdeak taldeko ordezkari Oihane Delgadok gogor egin zuen aldaketaren aurka, eta Plan Orokorrak "berrikuspen osoa" behar duela nabarmendu zuen. Udal Gobernuaren proposamena "inprobisazio" eta "adabaki" gisa jo zuen. Koalizioaren ustez, Plan Orokorra kalera atera beharko litzateke eta herritarren parte hartzearen bidez erabaki.
Planari argi berdea eman ziotenetik hona gauzak asko aldatu direla gogora ekarri zuen PSE-EEko kide Patxi Elolak, krisi ekonomikoari aipamen eginez. "Orain Salberdin martxan dago, eta Hegoalderen kasuan ere, egungo egoerari erantzun behar diogu. Bizitza bat eman behar diogu, interesa eta eskariak egon direlako, eta hori ez da inprobisazio bat".
EH Bilduk bat egin zuen Podemos-Equo-Berdeak taldearekin, eta uste du urte dezente igaro dela Plan Orokor hura egin zenetik eta berri bat egin beharko litzatekeela. Gaiari dagokionez, EH Bilduko zinegotzi Mikel Goenagak adierazi zuen haiek ere begi onez ikusten dutela Hegoalde eremuan jarduera berriei bide emateko baldintzen malgutzea. "Eremu horren garapena estrategikoa da herriarentzat, baina jakitun gara garapen hori luze joango dela. Bitartean, datozen urtetan Hegoalden lan egiteko aukerak zabaltzea ongi ikusten dugu, nahiz eta sartuko diren enpresa horiek era prekarioan izan". Baina zonalde horretako urbanizazio arazoan jarri zuen azpimarra, eta "inguruaren planifikazio falta" leporatu zion Udal Gobenuari.
Azken horren harira, alkateakerantzun zuen plangintza egin bitartean "arautu gabeko gune bat" dela Hegoalde. Hirigintzan planak ez direla "liburu sakratu aldaezinak" esan zuen, eta borondate politikoa badago aldatu daitezkeela: "Udal Gobernu honentzat lanpostuak sortzea eta mantentzea interes orokorreko lehentasun osoko gaia da".