ZKEko futboleko jubenilak aurkeztu dituzte Astin

Aritz Mutiozabal 2021ko mar. 27a, 14:00

ZKEko futbol atalak jubenil mailan dituen gizonezkoen hiru taldeak aurkeztu ditu gaur goizean Asti futbol zelaian. Bertan izan dira Kirol zinegotzi Leire Arana, babesle den Gran Camping Zarautzeko zuzendari Irati Sesma eta futbol ataleko presidente Mikel Aiartzabuena, jokalari gazteekin eta entrenatzaileekin batera.

Euskal Ligako taldeak Xabier Otermin eta Jon Jabat bikotearen esanetara entrenatzen dute, eta une honetan sailkapeneko lehen postuan daude. Talde honen helburu nagusia Liga Nazionalera igotzea dela aitortu du futbol ataleko kirol zuzendari Fermin Yerobik. Iaz lorpen horren atarian geratu zirela kontatu du: "Igoerako postutan sailkatu ginen, baina pandemiaren eraginez, lehen postuetan geratu zirenak bakarrik igo ziren zuzenean".

Beste bi taldeak Jubenilen Lehen Mailan lehiatzen dute. A taldearekin Ohorezko Jubenil Mailara igotzeko erronka jarrita zeukaten, baina egungo egoeraren aurrean, federazioak erabaki du aurten ez dela igoerarik izango maila horretan. "Kontua da talde askok ez dutela izenik eman parte hartzeko, eta hortik etorri dela erabakia", azaldu du Yerobik. A taldea lehen postuan dago kokatuta, eta Joxe Mari Olazabal Paxo eta Gorka Agirre dituzte entrenatzaile. Bigarren taldea, B taldea, berriz, errendimendutik datozen jokalariek osatzen dute, eta Carlos Villalba eta Issa Diouf entrenatzaileen aginduetara aritzen dira.

Babesleari eskerrak

Leire Arana zinegotziak eskerrak eman dizkio Gran Camping Zarautzi udalaren izenean, "une zail hauetan mutilen taldea babesten jarraitzeagatik". Era berean, udalak kirola babeste segituko duela azpimarratu du, eta zorterik onena opatu die futboleko jubenilei.

Gran Camping Zarautz urteak daramatza herriko futbola laguntzen, eta aurten, urte gogorra izanda ere, aurrera jarraitzea erabaki zutela adierazi du Irati Sesmak: "Laguntzeko urterik inportanteena zela iruditu zitzaigun, eta hala egin dugu. Harro gaude hartutako erabakiarekin. Ikusi dugu, gainera, futbola aurrera doala, eta gustura gaude". ZKEko futbol ataleko presidente Mikel Aiartzabuenak, bere aldetik, nabarmendu nahi izan du horrelako babesleak mantentzea oso inportatzea dela beraientzat.

Bestalde, berritasun moduan, Astiko futbol partidak streaming bidez zuzenean emateko asmoa du aurrerantzean ZKEko futbol atalak.