Erabiltzaileek ezingo dituzte txakurrak eraman udal baratzetara

Munantxoko udal baratzeak. (Zarauzko Udala)

Udal baratzeen erabileraren ordenantza berriari hasierako onespena eman zioten osteguneko osoko bilkuran. Uztaiak jarri dituzte baratzeen kanpoaldean txakurrak bertan lotzeko.

Udal baratzeen emakida eta erabilera arautzeko erregelamedua berritzea onartu zuten osteguneko udalbatzarrean; Udal Gobernuaren (EAJ eta PSE-EE) aldeko hamabi boto jaso zituen, EH Bildu (9) eta Podemos-Equo-Berdeak (1) abstenitu egin ziren bitartean. Hamar urte geroago, egokitzapen bat behar zuela adierazi zuen Patxi Elola Lorazaintzako zinegotziak, eta aldaketa nabarmenena litzatekeela, udal teknikariek hala gomendatuta, erabiltzaileei hemendik aurrera fidantza bat eskatu beharrean kanon bat ezartzea. Zeresan handiagoa eman zuen, ordea, maskoten kontuak. Izan ere, txakurrak udal baratzeetara eramatea galarazita egongo da aurrerantzean.

Podemos-Equo-Berdeak taldeko kide Oihane Delgadoren hitzetan: "Ulertzen dugu norbere txakurrak besteen baratzetan ibiltzea ez dela batere higienikoa, eta begi onez ikusten dugu baratzetako kanpoan jarri nahi diren txakurrentzako heldulekuak. Hala ere, gure taldea oso animalia zalea da, eta sentimendu kontrajarriak ditugunez abstenitu egingo gara".

EH Bilduren uste du arautu egin beharko litzateke gai, eta ez debekatu. "Iritzi ezberdinak dituzten baratze erabiltzaileak gustura uzteko aukera bat egongo litzatekeela, txakurrak baratzetara sartzeko modu egokirik egonez gero", adierazi zuen Itziar Murua bozeramaileak. Edonola ere, gai honen inguruan iritzi ezberdinak egotea ulergarritzat jo zuen: "Norbere sentsibilitatearen araberakoa da, eta halaxe jaso dugu erabiltzaileen artean ere".

Oposizioko taldeek hala eskatuta, uztaiak jarri direla azaldu zuen Lorazaintza zinegotziak, "txakurrak baratze ingururaino iritsi baina kanpoan gera daitezen". Halere, irmoa izan zen bere arrazoiketan: "Argi dugu baratze barrutan ezin zutela txakurrik egon, kalteak egiten dituztelako eta zikindu egiten dutelako. Merkatu Plazara, kiroldegira edo Astira sartzen ez diren bezala, osasuna eta garbitasun kontuengatik, baratzetara ere ez".

Elolak uste du ordenatzaren aldaketarekin hainbat erabiltzailek baratzea utzi dezaketela, eta jarraian zozketa publiko bidez esleituko dituztela hutsik geratzen direnak. Une honetan, 54 lagun daude itxaron zerrendan. "Horrek esan nahi du barruan daudenek arauak bete behar dituztela", zehaztu zuen Elolak.