Giroak baldintzatuta, emaitza onik gabe itzuli da Zarautz Gesalaga Okelan Pasaiatik

Zarautz Gesalaga Okelaneko trainerua Pasaian. (ZKE)

Udako estropadei begira neurtu ahal izateko, denboraldi-aurreko estropada jokatu zen atzo Pasaia San Pedron, eta bertan izan ziren Euskal Herriko hainbat arraun elkarte; tartean, Zarautz Gesalaga Okelaneko hiru traineru.

XII. San Pedroko Test Estropada jokatu zen 17:00etatik aurrera erlojupeko modalitatean, eta Zarautz Gesalaga Okelaneko arraunlariek beren arraunketa erakusten ahalegindu ziren. Emakumezkoen trainerua uretaratu zen lehenik, eta hamaikagarren postuan sailkatu zen, Arraun Lagunak nagusitu zen proban.

Gizonezkoen lehen ontziak hamazazpigarren postuan bukatu zuen jardunaldia. Hala ere, adierazi behar da irteera txanden artean giroa izugarri aldatu zela, eta horrek asko baldintzatu zituela TKEko ontziak. Azkenean, San Juan izan zen estropadako irabazle. Zarautz Gesalaga Okelaneko B ontziak, berriz, hogeigarren sailkatu zen.