Aner Peritz: "Talde osoarekin oso-oso eroso sentitu naiz"

Onintza Lete Arrieta 2021ko mar. 31a, 11:00

Mundu berri bat guztiontzat diskoko abestietako baten letra idatzi du bertsolari gazteak, eta esperientzia gustatu zaiola azaldu du. Hamar elkarteri abesti bana egin diete bertsolariek eta musikariek, eta zarauztarrak Oporrak Bakean elkartearena egin du; ondo ezagutzen duen proiektua da, gainera.

Bizipoza elkartearen Mundu berri bat guztiontzat diskoan hartu du parte Aner Peritzek (Zarautz, 2002). Elkarlanean aritu da musikagintzan ibilbide luzea dutenekin, tartean Xabi Zabala zarauztarrarekin eta Miren Narbaiza eta Aitor Gorosabel eibartarrekin. Zabalak sortutako doinuari letra jartzea izan da Peritzen lana; eta kantua abestea, Narbaiza eta Gorosabelen zeregina. Bada hilabete diskoa argitara eraman zutela, eta entzungai dagoela Aukerak eta zu abestia, Oporrak Bakean proiektuari buruzkoa.

Telebistan entzun zintugun esaten babestuta eta eroso sentitu zinela proiektuan, bertsolari eta musikari handien artean.
Hala da. Deitu zidatenean, ez nekien zenbaterainoko handitasuna zeukan proiektuak, nik baiezkoa eman nuen normal-normal, eta konfinamenduan hasi ginen bilerak online egiten, eta aurreneko bileran ikusten dituzu Nerea Ibarzabal, Julio Soto, Amets eta Maialen... Uf... Ez nekien oso ondo non sartzen nintzen, eta bat-batean konturatu nintzen noraino sartu nintzen. Hasieran errespetua eta beldurra ematen dizu. Esaten diozu zeure buruari: 'Joe, hauen ondoan nik zer letra txar egin behar dut'. Baina gero, egia da talde osoarekin oso-oso eroso egon naizela eta hasierako beldur horiek pixka bat ahaztuta, ni oso taldearen parte sentitu naizela, eta uste dut hori beraiei ere eskertu behar zaiela.

Abesti bati letra jartzen zenion aurreneko aldia zenuen.
Inoiz ez zidaten eskatu letra jartzerik, bertso arloan eta poesian ere zertxobait eginda banago, baina halakorik ez didate eskatu izan. Aurreneko aldia zen, eta gustatu zait esperientzia.

Xabi Zabalak sortutako melodiari jarri diozu letra. Aholkurik eskatu diozu inori?
Xabi Zabalarekin hitz egin nuen aurrena. Hark melodia prest zuenean, bidali egin zidan, ahotsarena xirula moduko batekin jota, eta horren gainean idatzi nuen letra. Berak ere komentatu zidan musika nondik sortu zuen. Letra idaztea, berriz, nahikoa neure kasara egin nuen, egia esan. Baditut lagunak horrelakoetan iritzia eskatzen diedanak, baina gero badakizu beti esango dizutela 'oso ondo dago'. Baina ondo etortzen da, pixka bat sinesteko zure letra horretan.

Zer mezu azpimarratu nahi izan duzu abestian?
Neuk baneukan harremana proiektu horrekin, eta helburua ez zen bakarrik azaltzea zer den Oporrak Bakean, baizik eta zer den azaltzearekin batera, esatea proiektua izan dadin behar direla umeak udan hartuko dituzten familiak. Hortaz, ez da bakarrik esatea 'begira zer gaizki dauden sahararrak', baizik eta aldarrikatzea sahar horiek etortzearen aldeko proiektua dela, eta horretarako familiak ere behar direla. Saiatu naiz hori guztia batera egiten. Abestiaren doinua bera ere ez da tristea, nahikoa alaia da melodiaz ere, eta hori Xabi Zabalak ere esan zidan, eta saiatu naiz hori ere pixka bat zaintzen. Alegia, helburua izan da aldarrikatzea aldi berean sahararren egoera zein den, zergatik den dena, eta esatea hemengoei ere, hori aldatzeko gure aletxoa jartzen saiatu behar dugula.

Etxean dituzu bi pertsona, gurasoak, oso inplikatuta Saharautz elkartean, eta aita, gainera, bertsolaria. Presioa sentitu duzu, edo agian kritikoenak beraiek izan dira letra entzundakoan?
Nik teknika bat landu nuen, izena duena Ez kritikatzeko ez diet esango, kar-kar. Hasieran asko idazten nien, ohitura handia nuen, baina azkenaldian nahiko utzita nago hori. Behin letra egin nuenan erakutsi nien, hori bai, eta gustatu zitzaien. Presioa baino gehiago da beraiek ere ezagutzen dutela proiektua, eta uste dut kanpotik ikusita baino oraindik balio gehiago duela beren iritziak, ezagutzen dutelako eta gertukoa zaien zerbait delako. 

Esan duzu gustatu zaizula esperientzia. Orain zertan zabiltza buru-belarri? Bertsotan?
Bai, bertsotan nabil batez ere. Bertso eskolak ematen, saioak ateratzen direnean horietan kantatzen, eta bertsoak idazten. Beti egiten dudan ariketa bat da, ez bakarrik sariketak agertzen direlako; horiek agertu gabe ere, bat-bateko bertsoetarako prestatzeko eta, bestela ere, bertsoak buruan edukitzeko, eta ni neu askatzeko, asko balio dit, asko egiten dudan ariketa bat da, eta gauza horietan, etengabe nabil zorionez, neure esku dagoelako oraingoz, eta hala den bitartean nahiko nuke segi pixka batean. Horrez gain, egia da eskatu didatela beste abesti baten letra egiteko, oraindik ezer zehatzik esan ezin den arren.