Honeyland dokumentala ezagun egin zen nazioartean, jaso zituen sariengatik eta Oscar sarietarako izendatu zutelako. Filmaren proiekzioa egingo da gaur arratsaldean Modelo aretoan 19:00etatik aurrera, eta ondoren, tertulia izango da Martxel Aizpuruaren —Alegia, 1971— gidaritzapean.
Aizpurua Zarautzen bizi da aspaldidanik, eta 40 urtez egin du lan erleekin. “Formazioz biologoa naiz, eta Parisen espezializatu nintzen polenaren gaineko gaietan. Gero, hortik eztiaren polena aztertzera pasatu nintzen. 35 urte egin ditut ezti ekoizpenaren munduan murgilduta”, hasi da hizketan. Dagoeneko erretiroa hartuta dagoen arren, sei erle familia mantentzen ditu oraindik, afizioagatik.
Bera lanean hasi zen garaian, eztigintza tradizionalaren amaiera ezagutu zuen, eta era modernoaren lehen urratsen parte izan zen. “Gipuzkoan gu hasi ginen erlezaintza modernoa jorratzen. Lau hamarkada egin ditut mundu horretan murgilduta, eta gauza bat ez da aldatu urte hauetan guztietan: erleekin modu profesionalean lanean aritututakoak gutxi izan gara lurraldean, gehienentzat hobbya da. Ziurrenik, ni izango nintzen inguruotan profesionalki horretan jarduten lehena, eta gaur egun 10 lagun ibiliko dira. Gainontzekoek, afizioagatik dihardute”. Aizpuruaren iritziz, sektore profesional trinkoaren faltan, zaletasunak mantentzen du erlezaintza Gipuzkoan. “Erle basatirik ez da gaur egun, denak jendeak zaindutakoak dira. 1988an akaro bat etorri zen, zamorro bat, eta haren ondorioz desagertu ziren erle basati guztiak”.
Bere hitzetan, gaur egun 6.000 erle familia inguru egongo dira Gipuzkoan —60.000 erle izan ditzake familia horietako bakoitzak—. Horiek guztiak lurraldean zehar banatuta daudela adierazi du. “Sakabanaketa hori dela eta, lurraldea nahikoa ondo polinizatua dagoela esan daiteke, eta hori oso garrantzitsua biodibertsitatearentzat”. Polinizazioaren gaineko zehaztapen gehiago eman ditu. “Lore bateko polena beste batera eramatea da polinizazioa, loreak ernaltzea. Polenaren garraio hori intsektuek egiten dute, eta lan horren %60 erleek”. Frutarbolek edo barazkien landareek ondo polinizatuta egon behar dute, emankorrak izateko, eta horregatik da garrantzitsua biodibertsitatearentzat erlek modu naturalean egiten duten lana; landare basatien iraupena ere bermatzen du polinizazioak, erlezainaren arabera.
Aizpuruaren iritziz, intsektuen mundua galtzen ari da, eta erlerik gabe, polinizazioa modu artifizialean egin beharko litzateke. Horren kontzientzia pizteko bidean, gonbita luzatu die herritarrei, gaurko emanaldira hurreratu daitezen.