Zarauzko Torreoiaren erreplika zehatza egin du Ezekiel Benitezek

Zarauzko Turismo Bulegoko erakusleihoan egongo da ikusgai datozen egunetan 3D inprimaketa bidez egindako pieza. 

Ezekiel Benitez zazpi hilabetez egon da diseinu eta muntaketa prozesuan murgilduta, eta azkenean, 38 pieza dituen artelana sortu du. 1/100 eskalan egin du eraikinaren erreplika, piezak egiteko 3D inprimaketa teknika erabiliz.

Zarauzko Udalak Benitezek egindako Torreoiaren lau erreplika eskuratu ditu, gaur bidali duten oharrean zehaztu dutenez. Horietako bat Turismo Bulegoko erakusleihoan egongo da ikusgai datozen egunetan.

Benitezek azaldu duenez, pin bat egiteko eskaeraren harira jarri zuen martxan proiektua. "Auzoko lagun batek Torreoiaren plano batzuk zituen, eta horiekin pin bat egiteko eskatu zidan. Orduan sortu zitzaidan ideia. Plano horiekin, argazkiekin eta Udalak emandako 3Dko planoekin abiatu nuen sorkuntza prozesua", eman du jakitera.

Zarauztarrari zaila egiten zaio lanean egin dituen orduak zehaztea. "Ehunka izan dira, ezinezkoa da kopuru zehatza esatea. Piezen inprimaketa prozesuak berak bakarrik 40 ordu inguru iraun ditu, atera kontuak. Diseinu lanetan joan zait denbora gehiena".

Xabier Txurruka alkateak Turismo Bulegora hurreratzera gonbidatu ditu herritarrak. Bere esanetan, artelana bertatik bertara ikusita antzeman daiteke Benitezen lanaren zehaztasuna. "Torreoiaren birgaitzeak Vista Alegreko parkea biziarazi du eta honelako eta beste adierazpen artistiko asko ahalbidetu ditu. Begi-bistakoa zarauztarrek asko maite duten eraikina dela", bukatu du alkateak.