Mus txapelketa eta kontzertua egingo dira ostiralean Putzuzulon, Danda Gazte Asanbladak antolatuta

IƱigo Gaiton 2021ko api. 1a, 10:27
TOC musika taldeko kideak.

11:00etan emango zaio hasiera mus txapelketari, eta TOC taldearen emanaldia 18:00etan izango da. Horrez gain, astelehenerako hitzaldia eta kontzertua ere antolatu ditu Dandak.

Danda Gazte Asanbladak jardunaldiak antolatu ditu Aste Santuko egun hauetarako, eta Putzuzulo Gaztetxean egingo dituzte programatutako zita guztiak.

Egitarauarekin batera zabaldu duten oharrean azpimarratu dutenez, gizartea bizitzen ari den egoera kontutan izanik, gazteek antolatzeko eta elkartzeko beharra dute, datorrenari aurre egiteko. "Azken hilabeteetan poliziaren esku-hartzeek gora egin izana eta masa-hedabideetan zabaltzen ari den gazteon irudi negatiboa ezin daitezke ulertu elkarrekin ez bada. Horretaz gain, elkartzeko eskubidea ukatu digute pandemiaren aitzakipean", azaltzen du testuak.

Haien iritziz, erabat aldatu eta mugatu zaie gazteei harremantzeko modua eta antolatzeko aukera, eta salatu dutenez, "azkartu egin dute gaurko eta biharko belaunaldietan joera indibidualistak eta antolakuntza eza ohitura bilakatzeko prozesua".

Kezka ere agertu dute, Putzuzulo gaztetxea eraitsiko duten testuinguruaren harira. "Bateragaitzak omen dira osasuna eta gazteok elkartzea; osasuna eta gazteok antolatzea. Gainera, testuinguru horretan eraitsiko dute Putzuzulo, une honetan gure jardun politikoari aterpe ematen dion etxea".

Datozen hilabeteetan horren guztiaren gainean hausnartuko dutela eta, larunbatero 10:30ean egiten dituzten asanbladetan parte hartzeko deia egin diete herriko gazteei.

Kontzertuak, hitzaldia eta mus txapelketa

Bihar, ostiralarekin, mus txapelketa egingo da 11:00etatik aurrera. Antolakuntzak azaldu duenez, 16 bikoterentzako tokia izango da lehiaketan, eta parte hartzeko interesa dutenek 688817786 telefonora idatzi behar dute. Oraindik plazak libre badaude, bihar goizean ere irekiko dute izen-ematea.

Gero, arratsaldean, Mungian sortutako TOC taldearen kontzertua izango da 18:00etatik aurrera. Sarrerak 17:00etan jarriko dituzte salgai, Putzuzulo Gaztetxean bertan, 3 euroko prezioan. 

Astelehenean ere, apirilaren 5ean, beste bi ekimen egingo dituzte. 16:00etatik aurrera hitzaldia izango dute, "Kulturaz hausnartzen: despolitizazioaren erroak gure bizi-ohituretan" izenburupean, eta18:00etan Nikotina taldearen kontzertua. Emanaldi horretako sarrerak 15:45ean jarriko dituzte salgai gaztetxean.