Orokietako patioa birmoldatzeko obrak lizitatu ditu udalak

IƱigo Gaiton 2021ko api. 1a, 16:17

Zarauzko Udalak argitara eman duen oharraren arabera, udal aurrekontuaren inbertsiorik garrantzitsuena da lizitatu berri dituzten obrena. Lanek 295.172,98ko kostua izatea aurreikusten dute.

Orokieta Herr Eskolaren patioan egingo diren lanen lizitazioa jarri du martxan Zarauzko Udalak. Hala azaldu dute argitara eman duten oharrean. Zehaztu dutenez, frontoiaren eta Orokieta Herri Eskolaren eraikinaren artean estalkia egingo dute, eta patioko eremu asfaltatuak birmoldatuko dituzte, inguruan berdegune gehiago egon dadin, haurrentzako parkea jartzeko.

Zabaldutako informazioaren arabera, proiektu hori "udal aurrekontuaren inbertsiorik garrantzitsuena da" Zarauzko Udalarentzat, eta obren kostua 295.172,98 eurokoa izatea aurreikusten dute. Ekainean hasiko dira lau hilabete inguru irautea espero duten lanak.

Izarraitz S.L.L. enpresak egin du Orokietaren ingurua birmoldatzeko proiektua, udalarekin eta ikastetxeko guraso elkartearekin lankidetzan. Zehaztu dutenez, gurasoek "beren ikuspegia eta ideiak eman dituzte une oro", parte-hartze prozesuaren bidez.

Bi faseko proiektua
Udalaren arabera, proiektuak bi zati ditu. Batetik, estalkia jarriko dute, Orokietako eraikin nagusia eta frontoia lotzeko. Horrekin, ikasleei jolastokian estalitako gune bat eskaintzeko asmoa dute. Bestalde, inguruko hainbat eremu asfaltatu birmoldatuz, lekua egokiagoa egingo dute eraikiko den haurrentzako parke berriarentzat. Oharrak dioenez, parke hori "zabalik egongo da eskolaz kanpoko ordutegian, gainerako zarauztarrentzat".

Irune Urbieta Zarauzko Udaleko Hezkuntza zinegotziak jakitera eman duenez, "hezkuntza departamentuak argi dauka haur parkeak hezitzaileagoak izan behar dutela eta naturarekin lotuago dauden eremuak behar direla, ahal izan ezkero, ikastetxean bertan. Materialak naturalak izango dira, eta hainbat gune izango dituzte psikomotrizitatea lantzeko". Parkeak espazio desberdinak izango ditu: egurrezko dunak, arrantzaleen etxola, sokazko zubia...

Xabier Txurruka Zarauzko alkateak nabarmendu du udalak haur-parkeen aldeko apustua egin duela azken urteetan. "Auzoetan banatutako zortzi haur-parke berritu ditu udalak, 2021eko aurrekontu parte-hartzaileetan gehien errepikatu den eskaeretako izan delako. Horregatik, aurten udal-aurrekontuko partida espezifiko bat bideratu dugu haur-parkeak berritzera". Berrikuntza horiek egin nahi dituzte, besteak beste, Iturrilun eta Aritzbatalde plazetako, Lapurdi eta Pagoeta kaleetako eta Urteta auzoko parkeetan.