Zarautzen bost positibo izan dira asteazkenean eta ostegunean egindako probetan

IƱigo Gaiton 2021ko api. 2a, 14:23

Eremu horian dago Zarautz, 209,88ko intzidentzia tasarekin. Eskualdeari dagokionez, 36 positibo izan dira guztira.

Eusko Jaurlaritzak herriz herriko datuekin eguneratu du gaur, ostiralarekin, koronabirusaren datuen gaineko txostena, eta dokumentuak jasotzen duen informazioaren arabera, Zarautzen 5 positibo detektatu dira asteazkenean eta ostegunean egindako testetan. Hala, eremu horian egoten jarraitzen du herriak.

Eskualdeari dagokionez, 36 kasu detektatu dira guztira. Positibo kopururik handiena Azkoitian izan dute, zortzi kasurekin, eta 208,63an dute intzidentzia tasa. Orion eta Zumaian sei kasu izan dira azken egunetan, eta 163,08ko eta 203,52ko tasak dituzte hurrenez hurren.

Azpeitian lau kasu zenbatu dituzte, eta 151,12an dute tasa momentu honetan, eta Getarian —212,01— eta Aian —755,67— hiruna izan dira. Zestoan, berriz, kasu bakarra zenbatu dute —231,12ko tasa—. Gainontzeko herrietan ez da positiborik izan.

Azken egunetan izaten ari den goranzko joera nabarmenaren ondorioz, eskualdeko bost herri daude eremu horian momentu honetan: Azkoitia, Azpeitia, Orio, Zarautz eta Zumaia, hain zuzen ere.

807 positibo hegoaldean

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Nafarroako Gobernuko Osasunbideak jakinarazi dutenez, guztira 807 detektatu dira atzo Hego Euskal Herrian egindako probetan. Araban 92 izan ziren, Bizkaian 264, Gipuzkoan 207 eta erresidentzia kanpoan dutenen artean lau.

Ospitaleen egoerari dagokionez, atzo 46 lagun ospitaleratu zituzten Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako erietxeetan, eta gaur gaurkoz, 284 pertsona daude ingresatuta, horietatik 91 Zainketa Intentsiboen Unitatean. RO Indizeari dagokionez, 1,08koa da bataz beste hiru lurraldeetan.