Tokiko gaietatik abiatuta, alderdi globaletan eragina duten erakusketak bildu ditu Photomuseumek Argazki Bilera honetan. Argazkigintza dokumentala, itsaspekoa eta artistikoa dira edizio honen oinarriak, antolatzaileek azaldu dutenez.
Lau erakusketa desberdin bisitatu ahal izango dira Zarauzko hiru espaziotan. Photomuseumak berak bi bilduma hartuko ditu. Batetik, Koldo Badillo (Orduña, 1958) Mirrors and windows erakusketa jasotzen du. Proiektu honekin Badillok gorazarre egin nahi dio 78. urtean MoMA-n aurkeztutako Mirrors and Windows erakusketari, gaitzat hartuz objetu-sinbolo haiek, ispiuak eta leihoak. Erakusketa hau maiatzaren 9ra arte izango da ikusgai.
Bi egun geroago, maiatzaren 11n, Heleña Goñi (Bilbo, 1990) argazkilariaren Singles bildumak hartuko ditu Photomuseumeko gelak. Singleak osotasun baten zati bat hautatzeko keinuari egiten dio erreferentzia. Helena Goñi argazkilariak erakusketa honetan azken urteetan egindako irudien aukeraketa bat eskaintzen digu. "Ibilbide horrek, partitura gisa, hainbat proiektu artikulatzen ditu, baita orain arte gauzatu ez diren artxiboko argazkiak ere". Erakusketa hau ekainaren 13ra arte izango da zabalik.
Zarauzko beste bi espazio ere hartuko ditu Argazki Bilerak. Torre Luzean, Txomin Rivera (1957) argazkilariaren Itsasoak bilduma ikusi ahal izango da. Planetako itsas hondo erakargarrienetako irudi batzuek aurkezten ditu Riverak, bere bi grinak bateratuz, urpekaritza eta argazkigintza. "Argazki artistikoak dira, ingurunean integraturik eta espazio bizidunean murgildurik dagoen eskarmentu handiko argazkilariaren begiradapean eginikoak. itsas fauna eta flora koloretsu eta sinestezinaren irudi erakargarriak hartuz, alegia". Erakusketa hau maiatzaren 30era arte izango da Zarauzko espazio honetan.
Maiatzaren amaierara arte Hiriaren irudia. 1975 Kamelitak-Iñurritza eremua argazki erakusketa izango da Sanz Enean. Erakusketa Zarauzko Karmelitak-iñurritzako hiri-eremuaren argazki-erreportajea da, 1975 urtean egina. Hiriko paisaia horrek aldaketa handia izan du zati batzuetan, eta hiriko egungo hirigintzaren oinarria izan zen. "Bildutako materiari esker, hiriaren eraldaketa gauzatzeko eraikuntza-prozesu arrazional eta landua proiektatzearen, urbanizatzearen eta kudeatzearen konplexutasuna agerian usten dute", diote antolatzaileek.
Hitzaldia
Azken erakusketa honekin lotuta, Xabier Unzurrunzaga arkitektoak hitzaldia eskainiko du apirilaren 16an Sanz Enean bertan. Argazki bilduma hori aitzakiatzat hartuta, Zarauzko hirigintzaren inguruko hausnarketa egingo du arkitekto honek. Hitzaldia 18:00etan izango da, eta edukiera mugatua izango du.