"Berri Txarrakek urte asko daramatza kontzertuak ematen, eta horrek miresmena eragiten dit"

IƱigo Gaiton 2021ko api. 4a, 12:02

Josu Gonzalez —Zarautz, 1981— musikaren eta soinuaren munduan murgilduta bizi da, afizioz eta ofizioz. Berri Txarrak taldearen Dardara dokumentalean parte hartu du azken hilabeteetan, eta berea izan da filmaren soinua editatzeko eta nahasteko ardura.

Gitarjole eta abeslari modura urte asko egin dituzu, talde desberdinetan —ITV, Fuerza de lucha, Mantisa—. Nola eman zenuen urratsa soinuaren munduan lan egitera?
Txikitatik gustatu izan zaizkit musika eta zinema. 14 urte nituela sortu genuen ITV taldea, eta betidanik izan dut ofizioa ere horretara bideratzeko gogoa. Hala, 18 urterekin soinu ingeneritza egitea erabaki nuen unibertsitatean. Hemen horretarako aukerarik ez zegoenez, Alicantera jo nuen ikasketak egitera.

Gaur gaurkoz, hori al da zure ofizioa?
Bai, zorte handia dut gustuko lanean jarduten dudalako.

Gehienetan ezkutukoa izan ohi da soinu ingeniarien lana, eta jende askok ez du ezagutzen egiten duzuena. Nola azalduko zenuke?
Bitan banatuko nuke, hobeto ulertzeko. Batetik, pelikula eta dokumentalen grabaketetan urte asko egin ditut, filmaketetan bertan soinua grabatzen. Bestetik, postprodukzioko lana ere egiten dut; orain, horretan nabil batez ere. Nire estudioa sortu nuen horretarako, eta gustukoen dudan lana da.

Parte hartu duzun proiektuak aipatzerik bai?
Errementari filma, Erlauntza pelikula, Arzak sukaldariari buruzko dokumentala, Lasa eta Zabalaren filmaketetan ere zuzeneko soinua nik grabatu nuen —oso gogorra izan zen, gaia halakoxea zelako—, Cholitas dokumentala, Una ventana frente al mar filma...

Nola suertatu zitzaizun ‘Dardara’ filmean parte hartzeko aukera?
Iruñeako ekoiztetxe batekin lan asko egiten dut, eta dokumentalaren zuzendaria, Marina Lameiro, haiekin jarri zen harremanetan filmean elkarlanean aritzeko. Hala, nirekin kontatu zuten.

Nola definituko zenuke dokumentalean egindako lana? Gustura geratu al zara?
Kasu honetan, filmaren soinuaren postprodukzio osoa egin dut nik. Horrez gain, Gorka Urbizuk sartzen dituen off ahots guztiak ere gure estudioan grabatu genituen.

Laburbilduz, puzzle baten piezak —filmaketako soinuak, ahotsak, abestiak, efektuak...— hartu eta nahastea da nire lana. Nolabait, zineman entzuten den guztiarekin emozioak eragiten saiatzen naiz.

Zer tratu izan duzu taldekideekin?
Gorkarekin harremana oso erraza egin zait, gertukoa da. Musikaz asko hitz egiten genuen, eta horrek dena erraztu du. Gainontzeko lan-taldeari dagokionez, Marina Lameiro zuzendariak askatasun handia eman dit prozesuan zehar gauzak nire erara egiteko. Gero, Xabier Erkiziarekin eta Mikel Santosekin ere ibili naiz elkarlanean. Erkizia aurretik ibili zen kontzertuen eta horien bueltan izaten den giroaren soinuak grabatzen —jendearen ahotsak, autoak, txaloak—. Santos Berri Txarraken zuzeneko teknikaria da, eta berak grabatu zituen BECeko kantuak zuzenean.

Nolabait, nire lana izan da zuzenean grabatutako abesti horiek txaloekin, kontzertuko giroaren soinuekin, jendearen oihuekin etab. nahastea, atmosfera bat sortzeko. Pelikula ikusten ari denak kontzertu batean egotearen sentsazioa izan dezan saiatu gara.

Musikari modura, zer sentitu duzu halako proiektu batean parte hartuta?
Lanean nenbilela, gitarra hartu eta berriro kontzertuak ematen hasteko gogoa piztu izan zait sarri. Nostalgia puntu bat ere sentitu dut zuzeneko emanaldietako irudiekin, aspaldian halakorik ez dugulako izan izurritearen ondorioz.

Berri Txarrak taldeak egiten duen orok —diskoak, kontzertuak, filma orain...— arrakasta handia izaten du. Zer da horren gakoa?
Urteekin, Berri Txarrak fenomeno bat bihurtu da. Lan handiaren emaitza dela esango nuke, kontzertu asko jo, egurra eman eta konstantzia izatearen fruitu paregabea. Noski, egiten dituzten kantuak daude horren guztiaren oinarrian, musikari bikainak dira. Musika genero desberdinak ukitu dituzte diskoetan, eta beti izan dute arrakasta. Hori lortzea oso zaila da. Musikari modura, miresmen handia sentitzen dut, urte luzez kontzertuak ematen jarraitzen dutelako, musikari estuki lotuta.

Pelikula ondo ari da funtzionatzen zineman, ezta?
Bai. Duela gutxi Gorkarekin egon nintzen, eta oso pozik zegoen. Ez dira filmaren kopia asko atera zinema aretoetara, eta sarrera guztiak ari dira saltzen. Ziurrenik, orain kontzerturik ez izatearen nostalgiak jendeak zinemara errazago jotzea ekarri du. Herriz herri ere ari dira mugitzen pelikula, eta oso ondo ari da funtzionatzen.

Gustura geratu al zara zuk egindako lanarekin?
Bai. Luzitzeko lana izan da, nire lanerako lehengaia hobezina izan delako: musikari eta kantu onak, zuzenekoetako material ederra... Musika talde ezagun bati buruzko dokumentala izanik, filmaren soinuak garrantzia handia du, eta zorionez, kritika oso onak jaso ditut.