'Eurocopa honi ez!' mugimenduari babesa erakutsi diote

Amaia Urbieta Arruti 2021ko api. 6a, 09:49

Larunbat honetan Bilbon izango den manifestaziora joateko autobusa antolatu dute eskualdetik. Eurocopa honi ez! mugimenduak azaldu duenez, apirilaren hasieran erabakiko du UEFAk txapelketa Bizkaiko hiriburuan jokatuko den ala ez.

Europako Futbol Txapelketako partidak bertan jokatzeko hautagaietako bat da Bilbo. UEFAk hala erabakitzen badu, Espainiako selekzioak San Mames futbol zelaian jokatuko luke. Horren aurrean, Eurocopa honi ez! izeneko dinamika abiatu zuten duela bi urte inguru, eta azken egunetan Euskal Herriko hainbat txokotako taldeek atxikimendua erakutsi diote mugimenduari; tartean, Zarauzko Danda Gazte Asanbladak. Putzuzulo gaztetxearen aurrean Eurocopa honi ez! leloa zeraman pankartaren bueltan bildu ziren eta argazkia atera zuten. 

Apirilaren 10ean, larunbat honetan, manifestaziora deitu du Eurocopa honi ez! mugimenduak Bilbon, eta bertaratzeko autobusa antolatu dute eskualdean. Izena emateko aukera dago Eguzki tabernan edo 608 23 89 41 telefono zenbakira mezua bidalita. Prezioa 10 eurokoa izango da, eta autobusa 10:00etan abiatuko da Eguzki tabernaren aurreko geltokitik. Itzultzeko autobusa, berriz, 14:30ean abiatuko da Bilbotik.