Bideojokoen inguruko saioak antolatu dituzte haur eta nerabeen hezitzaileentzat

Amaia Urbieta Arruti 2021ko api. 6a, 17:00
Herri Hezitzailea Foroko ordezkariak, Modelo aretoan (Amaia Urbieta Arruti)

Hitzaldiak apirilaren 14an, 21ean eta 28an izango dira, Modelo aretoan. Bideojokoen mundua aztertzea eta izan ditzakeen arriskuez ohartaraztea dira, besteak beste, zikloaren helburuak.

Haur eta nerabeekin harremanetan egon ohi diren hezitzaileei zuzendutako hitzaldi ziklo berria antolatu du Herri Hezitzailea foroak. Hainbat eragilek osatzen dute Herri Hezitzailea, eta beren helburua da herriko haur eta gaztetxoen arazoak ikuspegi ezberdinetatik lantzea. Aurten lantzeko aukeratu duten gaia ziberjokoena da. Hitzaldi zikloa aurkezteko egin duten prentsaurrekoan, Arantxa Aldalur Hezkuntza teknikariak azaldu du azken urtean konfinatuta egon direla haur eta gazte ugari, eta hori dela-eta bideojokoetan jolasten denbora luzea igaro dutela horietako askok. 

Irune Urbieta Hezkuntza zinegotziak jakitera eman du aurretik egin izan dituzten hitzaldietan parte hartzaileek eskatu izan dietela ziberjokoen gaia lantzeko, baita hainbat ikastetxek ere. Hori horrela, hiru saiotan banatu dute bideojokoen inguruko lanketa. Hiru hitzaldiak Modelo aretoan izango dira, 18:30ean hasita. Lehena apirilaren 14an izango da eta, Aldalurren hitzetan, "bideojokoen errealitatea" landuko dute bertan. "Zertara jokatzen duten, nondik datozen bideojokoak, nola zabaltzen diren, zertarako erabiltzen diren, zenbat denbora ematen duten jolasten... horrelako galderei erantzungo diegu lehen saioan", azaldu du teknikariak. Bigarren saioan, hilaren 21ean, azterketarekin jarraituko dute, baina "ikuspegi praktikotik". "Analisi kritiko bat egin beharra ikusi dugu plataformetan arrisku asko daudelako" (...) "estrategiak eta bestelako jokatzeko moduak landu behar ditugu", gaineratu du. Amaitzeko, apirilaren 28an izango da hirugarren saioa, eta bertan "adikzioaren aurkako erresistentzia eta estrategia" landuko dituzte. Aldalurren arabera, badago bideojokoen adikzioaren aurkako programa bat, eta hirugarren saio horretan azalduko dute nola funtzionatzen duen.

Gaiaren alderdiok lantzeko adituek gidatuko dituzte hiru saioak eta, aurretik aipatu moduan, haur eta gaztetxoekin harremana dutenei daude zuzenduta. Hitzaldien edukiera mugatua izango da, eta saioak aurrez aurre zein presentzialki jarraitzeko aukera egongo da. Bi aukeretarako aurrez eman beharko da izena, zikloaren kartelean eskuragarri dagoen QR kodea eskaneatuta eskuratu daitekeen izen-emate orria beteta. Leire Arana Kirol zinegotziak prentsaurrekoan zehaztu duenez, hitzaldiak telematikoki jarraitzen dituztenek ere izango dute galderak egiteko aukera, Youtubeko txataren bidez.

Hona hemen zikloaren kartela.