Galarazita egongo da bihartik Arabara eta Gipuzkoa eta Bizkaiko hainbat udalerritara joatea

Momentuz, Urola Kostan ez dago intzidentzia tasa 400dik gorakoa duen 5.000 biztanletik gorako herririk, eta Aiak eta Getariak tasa hori gainditu arren, ez dituzte itxiko. Datorren astelehenean berrikusiko dituzte datuak.

Aste Santuaren aurretik Labi batzordeak hala erabakita, itxi egingo dituzte 14 eguneko kasu metatuen tasa 400dik gorakoa duten herriak, eta herri txikietan, kasuz kasu aztertuta eman ohi dute ebazpena. Aurreko astelehenean, martxoaren 29an, sartu zen indarrean araua, eta gaur eguneratu egin dute itxitako udalerrien zerrenda, Osakidetzak koronabirusaren datu eguneratuekin plazaratutako txostena aintzat hartuta. Besteak beste, Araba eremu gorrian sartu da, beraz, bihartik aurrera ezingo da lurralde horretan sartu, aparteko baimenik izan ezean. Itxieraz gain, ostalaritzak ere hartu beharko ditu neurriak: barruko jarduera mugatuta izango dute ordu jakin batzuetara; 06:30tik 09:30era eta 13:00etatik 16:00etara.

Bizkaiari eta Gipuzkoari dagokienean, zabalik egongo da bi lurraldeen arteko mugikortasuna datorren astelehenera arte bederen, baina perimetralki itxita egongo dira hainbat udalerri bihartik aurrera, beraz, ezingo da herri horietara joan. Bizkaian Berriatua, Berriz, Ondarroa, Ermua, eta Zaldibar, eta Gipuzkoan Arrasate, Beasain, Idiazabal, Lazkao, Legazpi, Lezo, Oiartzun, Ormaiztegi Ordizia, Oñati, Segura, Tolosa, Urretxu, Zaldibia, Zegama eta Zumarraga itxiko dituzte. Itxitako herriek aste osoan egon beharko dute egoera horretan, zerrenda berriz datorren astean berrituko baita. 

Urola Kosta eskualdean, momentuz, ez dago 400eko intzidentzia tasa gainditzen duen 5.000 herritarretik gorako herririk, eta Aiak eta Getariak tasa hori gainditzen duten arren, ez dituzte itxiko. Ikusi hemen gaur-gaurkoz eskualdean dauden tasak.