32 positibo berri zenbatu dituzte azken bost egunetan

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak gaur eman ditu jakitera apirilaren 1etik 5era bitarteko PCR eta antigeno proben emaitzak, eta eskualdean ia 100 kasu berri zenbatu dituzte. Kasu gehien Zarautzen eta Azkoitian (24) atzeman dituzte, eta azken hori eremu laranjan sartu da.

Azken egunetan herrikako datuen berri eman gabe zegoen Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saila, jaiegunak izan direlako. Gaur, ordea, azken bost egunetakoak ezagutu dira, hain zuzen, apirilaren 1etik 5era artekoak, eta eskualdean ia 100 kasu berri agertu dira egindako PCR eta antigeno probetan; 97 kasu izan dira, zehazki esateko.

Kasu gehienak Zarautzen eta Azkoitian zenbatu dituzte. 32 kasu izan dira Zarautzen: hiruna kasu apirilaren 1ean eta 2an, zazpi kasu apirilaren 3an, hamar apirilaren 4an, eta bederatzi atzo. Azkoitian 24 kasu zenbatu dira: hiru apirilaren 1ean, seina hurrengo bi egunetan, bost hilaren 4an, eta lau atzo. Hala, azken herri hori eremu laranjan kokatu da, 100.000 biztanleko 14 eguneko 358,84eko intzidentzia tasa metatuarekin. Zarautzek 278,41eko tasa dauka. 

Beizaman eta Errezilen ez dute positiborik zenbatu, eta hutsean dago 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia tasa metatua bi herri horietan.

Aian hiru positibo zenbatu dituzte azken egunetan (tasa 755,67an kokatu da), Aizarnazabalen bakarra (130,04koa da tasa), Azpeitian bederatzi (151,42koa da tasa), Getarian zazpi kasu (459,36ko tasa), Orion bederatzi (212ko tasa), Zestoan bost kasu (256,81eko tasa) eta Zumaian, azkenik, zazpi kasu (234,05eko tasa dute).

Eskualdeko herri askotan okerrera egin dute 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia tasek, martxoaren 31ko azken datuekin alderatzen badira. Azkoitian 166,9tik 358,84ra; Getarian 106,01etik 459,36era; Orion 81,54etik 212ra; Zumaian 162,82tik 234,05era; eta Aian 604,53tik 755,67ra, esaterako.

Positibotasun tasa %8,7an

Apirilaren 2tik 5era 24.496 PCR eta antigeno proba egin dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta positibotasun tasa 9,7tik 7,5era jaitsi bazen ere hasieran, gaur-gaurkoz %8,7an dago.

Atzoko datuei erreparatuta, hiru lurralde horietan 529 positibo berri zenbatu zituzten 6.063 proba eginda, horietatik 88 Araban, 219 Bizkaian eta 213 Gipuzkoan. Beste lurralde batzuetako 9 positibo ere kontatu zituzten.

Nafarroan, berriz, 178 positibo zenbatu zituzten atzo, eta positibotasuna %8,3an dago. Datu baikorra da, azken egunetan tasak %9,8tik  %11,1era egin zuelako gora.

Osakidetzak jakitera eman duenez, atzo beste 50 pertsona ospitaleratu zituzten, eta guztira 364 lagun daude Osakidetzaren erietxeetan ingresatuta, horietatik 105 ZIU Zaintza Intentsiboko Unitateetan.