Itziar Perez de Cirizak Imanol Urbieta bekarekin egindako lana aurkeztuko du bihar

Modelo aretoan izango da ekitaldia 19:00etan, eta Urbietaren kantu batzuk abestuko ditu Jaione Eskudero Zarautz Abesbatzako zuzendari eta musikariak.

Imanol Urbieta bekaren irabazleak, Itziar Perez de Cirizak, azken hilabeteotan egindako lana aurkeztuko du jendaurrean bihar 19:00etan, Modelo aretoan. Perez de Cirizak Urbieta musikari zarauztarraren koadernoak inbentariatu zituen, eta ondoren partitura guztiak digitalizatu zituen. Koaderno horek Kontxi Aizarna Urbietaren alargunak dohaintzan eman zizkion udalari, eta denera 1.901 abesti zeuden horietan, gehienak originalak, ahots bakarrerako eginak eta eskuz idatziak. Horren ondoren, sailkatutako partitura horiek argitaragabeak zirenentz jakiteko, Urbietak argitaratutako liburu, binilo, disko, kasete eta VHSetan zeuden abestien inbentarioa egin zuen. Bi zerrendak konparatu ondoren, Aizarnak egindako dohaintzan argitaragabeko 1.165 abesti daudela egiaztatu ahal izan zuen bekaren irabazleak. Azkenik, kanta berri horien sailkapen sistematiko eta pedagogikoa egin zuen Perez de Cirizak, filtro sistema eta gako hitzen bitartez, edozein abesti topatu ahal izateko.

Lan horren guztiaren emaitza eta prozesua bera azalduko ditu bihar Modelo aretoan egingo den ekitaldian, eta aurkezpenean izango da Jaione Eskudero Zarautz Abesbatzako zuzendari eta musikaria ere, gitarraz lagunduta abesti batzuk eskaintzeko. Perez de Cirizak uste du Urbietaren abesti asko "Euskal Herriko haur gehienen haurtzaroko soinu banda" izan zirela. "Nork ez ditu kantatu Ranroberran, Alaken edo Behin betiko bezalako kantak? Orain gure esku dago bere ondarea gordetzea, transmititzea eta merezi duen balioa ematea, belaunaldi berriek abesti horietaz guk bezainbeste gozatu ahal izateko. Hori bihurtu da Zarauzko Udalaren helburu eta beka honen bitartez lan horri hasiera eman nahi izan diote”.

Erlazionatuak

Itziar Perez de Zirizak irabazi du Imanol Urbietaren kantu bilduma sailkatzeko beka

kultura

Musikari zarauztarraren lana sailkatzea eta katalogatzea izango da Perez de Zirizaren zeregina. Ondoren, sailkapen horri erabilera pedagogikoa emat...