%37 hazi dira turismo bulegoko kontsultak 2019ko Aste Santutik

Amaia Urbieta Arruti 2021ko api. 8a, 12:00
Turismo bulegoa 2019an.

Apirilaren hasieran turismo bulegora informazio eske jo duten gehienak familiak izan dira udalaren esanetan, egunpasa egitera etorritakoak asko. 

Mugikortasun neurriengatik Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik atera gabe igaro behar izan dituzte Aste Santuko oporrak herritarrek, baina horrek ez ditu saihestu jendearen joan-etorriak. Zarauzko kaleak, esaterako, jendez lepo ibili dira azken egunotan, eta turismo bulegoko langileek galtzak bete lan izan dute bisitariei harrera egiten eta beraien zalantzak argitzen.

Azaldu dutenez, iragan berri den oporraldian denera 699 pertsona pasatu dira turismo bulegotik kontsultaren bat egitera. 2019an 509 pertsona igaro ziren garai berean, beraz, %37 hazi da Aste Santuan Zarauzko turismo bulegoak jasotako bisitari kopurua duela bi urtetik (konparaketa 2019arekin egiten da, 2020an itxita egon zelako bulegoa).

Pertsona horien herena zarauztarrak izan dira, eta bi heren Araba, Bizkai eta Gipuzkoako beste tokietako herritarrak (gehienak gipuzkoarrak eta bizkaitarrak antzeko proportzioan, eta gutxienak arabarrak). Turismo departamenduko langileek jakitera eman dute, "bitxikeria moduan", Extremadurako bi bisitari ere etorri direla. 

Gaineratu dute bulegora jo dutenen artean gehien-gehienak, %80 inguru, familiak izan direla; "asko egunpasa egitera etorritakoak". Gehien eskatu duten informazioa aire zabaleko planei eta natura turismoari buruzkoa izan da, baita aparkalekuei buruzko kontsultak ere. Hain zuzen, goraino beteta egon da egunotan Abendañoko autokarabanentzako aparkalekua. Amaitzeko, udalak jakitera eman du "arrakasta handia" izan duela ostiralean eta larunbatean Zurekin elkartearekin elkarlanean antolatutako Zarautz kolorez bete dezagun kanpainak