Musika, pedagogia eta euskara ardatz dituen altxor baliotsua utzi zion jendarteari Imanol Urbieta musikari zarauztarrak. 2.000 abestitik gora argitaratu zituen, gehien-gehienak haurrei zuzenduak. Zendu zenean haren familiak Zarauzko Udalari eman zizkion bere koaderno, partitura eta idazkiak, eta udalak beka deialdi bat egin zuen material horrekin guztiarekin proiektu bat osatu ahal izateko.
Itziar Perez de Ciriza iruñearrari eman zion beka udalak, eta hilabete ugari lanean pasatu ostean, atzo aurkeztu zuen egindakoa jendaurrean musikaren pedagogian adituak. Urbietaren familiakoak, lagunak eta musikagintzan murgilduta dabiltzan hainbat zarauztar ezagun bertaratu ziren Modelo aretora atzo, Perez de Cirizaren azalpenak entzutera. Xehe-xehe azaldu zituen nafarrak egindako lanak. Lehenik, material horren guztiaren ezaugarriak identifikatu zituen. Azaldu zuen partitura gehienak eskuz idatziak zeudela, ahots bakarrerako eginak zirela eta sarri errepikatzen zirela gaiak abestien letretan: "askotan naturaz, animaliez edo aiton-amonez hitz egiten dute abestiek". Batetik, material hori guztia digitalizatu zuen, eta ulertzeko zailak ziren partiturak transkribatu eta horien MIDIa egin zuen. Bestetik, urteen, gaiaren, formatuaren eta beste hainbat iragazkiren arabera sailkatu zituen abestiak.
Behin koadernoetako kantu guztien sailkapena esku artean zeukanean, horietatik argitaragabeak zenbat ziren ikertu zuen. Lan nekeza izan zen, hainbat iturritara jo behar izan baitzuen Urbietaren sinadurapean argitaratutako guztia bildu ahal izateko.