Zarauztik igaroko da gaur Balentziagaren oroimenezko 50. lasterketa

Amaia Urbieta Arruti 2021ko api. 11a, 09:24

Jira-Bira Grupo Eulen taldeko zazpi txirrindulari aterako dira Espainiako Koparako puntuagarria izango den gaurko proban. 

Elite eta 23 urtez azpiko txirrindularien kategorietan proba entzutetsua da gaur lehiatuko den Balentziagaren oroimenezko lasterketa. 153 kilometroko ibilbidea egin beharko dute ziklistek, eta Eibarko (Gipuzkoa) Arrate santutegian amaituko da, atzo Itzulia amaitu zen moduan. Espainiako Koparako puntuagarria izango da, gainera, gaurko proba. 

Zarautz bi aldiz gurutzatu beharko dute txirrindulariek gaur goizean. Getaria aldetik iritsiko dira lehenik, 10:40 aldera, eta Orion bira erdia eman ondoren, Zaldugarai aldetik sartuko dira berriro Zarautzen, 11:20 aldera. Gaurko lehian parte hartuko dute, besteak beste, Zarauzko Jira-Bira Grupo Eulen taldeko txirrindulariek. Denen artean zazpi hautatu ditu David Etxeberria prestatzaileak gaurko lehia garrantzitsurako: Julen Gartzia, Gaizka Gurrutxaga, Alex Uranga, Unai Cueva, Santiago Martinez eta Andoni Azkarate.