Euritan zeharkatu dute herria Balentziaga Memorialean parte hartu duten txirrindulariek

Onintza Lete Arrieta 2021ko api. 11a, 14:19

Jira-Bira Grupo Eulen taldeko Joseba Lopezek egin du denbora onena Eibarko tarteko helmugan.

Elite eta 23 urtez azpiko txirrindularien kategorietako proba garrantzitsua da 50. aldiz jokatu den Balentziaga Memoriala, eta Zarauztik pasa da gaur goizean. 153 kilometroko ibilbidea egin dute ziklistek, Eibartik abiatu eta hainbat herri igaro ondoren, herri horretako Arrate santutegian amaituz. 

Zarautz bi aldiz gurutzatu dute txirrindulariek. Getaria aldetik iritsi dira 10:40 aldera, eta Orion bira erdia eman ondoren, Zaldugarai aldetik sartu dira berriro Zarautzen, 11:20 aldera, Getariara jarraitzeko.Bigarren buelta horretako argazkiak dira honakoak. Euripean ibili behar izan dute, eta Zarauztik igarotzean hiru txirrindulari zihoazen ihesean.

Eibarko tarteko helmugan Lopez bizkorren

Gaurko lehian parte hartu dute Zarauzko Jira-Bira Grupo Eulen taldeko txirrindulariek ere. Denen artean zazpi hautatu ditu David Etxeberria prestatzaileak gaurko lehia garrantzitsurako: Julen Gartzia, Gaizka Gurrutxaga, Alex Uranga, Unai Cueva, Santiago Martinez, Joseba Lopez eta Andoni Azkarate.

Hain zuzen, Lopezek egin du denbora onena Eibarko tarteko helmugan. Proba, berriz, Pau Miquelek irabazi du.