AstraZenecaren txertoaren inguruan

Zarauzko Hitza 2021ko api. 11a, 16:04

Felix Zubia mediku zarauztarrak 'Berria' egunkarian gaur argitaratutako iritzi testua da honakoa. AstraZeneca txertoak eragin ditzakeen kalteak eta onurak izan ditu aztergai.

"Bizi dugun pandemia latz honetatik irtengo bagara, txertaketa da momentuz ikusten den aukera bakarra. Historian inoiz baino azkarrago lortu da txertoak garatu eta martxan jartzea, eta gaitzari kontra egitea. AstraZenecaren txertoa Oxfordeko Unibertsitatean garatua da, eta kaltegarria ez den birus bati (adenobirus bati) koronabirusaren zatitxoak gehituz egina da, gure immunitate sistemak defentsak garatu ditzan. 30.000 pertsonatan probatu ondoren, bere erabilera onartu zen, eta 25 milioi pertsona baino gehiago txertatu dira berarekin.

Hasieratik izan dira gorabeherak bere inguruan. Lehen 30.000 pertsona horietan adineko gutxi zeudela argudiatuz, eta esperientziarik ez zela, 55 urtetik gorakoetan ez erabiltzea erabaki zen Europar Batasunean. Ondorengo esperientziak, baina, eta Erresuma Batuan bereziki, erakutsi du adin talde guztietan dela eraginkorra, eta mugatzeko arrazoirik ez dela.

Tronbosi edo odolbilduen arazoa etorri da ondoren. Oso gertaera bakanak dira, eta tronbosi mota guztien kopurua hartuta, txertatuek ez dute biztanleria orokorrean baino tronbo gehiago izan. Kontua da oso tronbosi bereziak direla, immunitateak eraginak. Hau da, txertoak eragiten dituen defentsek, oso pertsona urri batzuetan, plaketak jaitsi, eta tronboak eragin ditzaketela, odolbilduak. Zenbat dira? Tronbosia garatzeko arriskua, 250.000 txertaturen artean 1; eta tronbosi horrek heriotza eragitekoa, 1.000.000 txertaturen artean 1 baino gutxiago".

Irakurri testua osorik Berria-ren atarian.