San Pelaioko tren geltokia handitzeaz gain, azpiko pasabidea bikoiztuko dute

Aritz Mutiozabal 2021ko api. 12a, 16:00

Geralekua eraberritzeko proiektua Sestra Ingenieria y Arquitectura S.L. enpresak idatzi du, 63.780 euroko (BEZik gabe) aurrekontuarekin. Obrak gauzatzeko udal biltegiko eta Ikastolako kirol pistako zati bat hartuko ditu ETS Euskal Trenbide Sareak.  Eraberritze lanen aurrekontua 3.325.000 eurokoa (BEZ barne) da, baina oraindik ez dute atera lehiaketara.

San Pelaioko tren geralekua eraberritzeko proiektua onetsi du Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak, joan den hilean emandako ebazpenaren bidez. Egungo geralekua zaharkituta dago: 70 metroko luzera eta, 2,80 metroko zabalera dituen nasa bat du, erdialdean estalpearekin, eta sarreran aterpe txiki bat du txartelak saltzeko makinekin. Sarbidea mendebaldetik egiten da eta bertara iristeko, azpiko pasabide bat dago; pasabide horren zabalera nahiko murriztua da –hiru metro zabaleko–, bertatik igarotzen den oinezko eta bizikleta nahiz patinete kopurua kontuan izanda. Orain, ordea, 2. kategoriako geltoki bat egokitzen saiatuko dira bertan.

Proiektuaren arabera, geltokiko atondoa trenbideko plataformaren azpian kokatuko dute. Bestalde, azpiegituraren dimentsioak ere areagotu egingo dituzte: alde batetik, nasaren luzera 80 metrora handituko dute, hau da, 10 metro gehiago irabaziko ditu; eta bestetik, oinezkoentzako azpiko pasabidearen zabalera sei metrora handituko dute, egun duenaren bikoitza, alegia. Aldi berean, geltokira azpiko pasabidetik sartzeko ahalbidetuko dute, eta egungo trenbidearen trazadura egokituko dute. Aurreikusitako eraberritzeekin hobetu nahi dute geralekuaren irrigarritasuna, edukiera eta kontrola, baita bidearen bi aldeetako herritarren oinezko komunikazioa ere.

Sestra Ingenieria y Arquitectura S.L. enpresak idatzi du proiektua 63.780 euroko (BEZik gabe) aurrekontuarekin. ETS Eusko Trenbide Sareak 2017ko abuztuaren bukaeran argitaratu zuen tren geralekua berritzeko proiektua idazteko lizitazio iragarkia, eta urte bereko azaroan esleitu zitzaion aipatu enpresari egitekoa. Honek lau urteko epea zuen proiektua ontzeko, eta Zarauzko Udalak jakitera eman duenez, 2019ko urtarrilean aurkeztu zuela honek bere lana. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian gaur argitaratu den buletinean dio pasa den martxoaren 18ko ebazpenaren bidez onartu zutela proiektua.

Lursailen eskuratzea

Gaurko iragarpenak ebazten du, gainera, proiektua garatzeko ETSk obra aurrera eramateko behar dituen lurren eskuratzea: udal biltegiaren 46 metro koadro hartuko luke jabari osoan, eta Salbatore Mitxelena Ikastolako kirol pistaren 20 metro koadro. Obrak iraun bitartean, bestalde, aldi baterako okupazioa are zabalagoa aurreikusten dute. Orain, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hamabost egun balioduneko epean alegazioak aurkeztu ahalko dute interesdunek.

San Pelaioko tren geraleku berriaren eraberritze lanen aurrekontua 3.325.000 euroko (BEZ barne) da, eta ETSk bere gain hartuko du kostu guztia. Udalak ez daki noiz aterako duen ETSk lehiaketara obren lizitazioa, eta horrenbestez, noiz hasiko diren lanak egiten. Bide batez, adierazi du San Pelaioko geraleku berriak ez duela zerikusirik herriguneko tren geltoki berriaren proiektuarekin, baina, edonola ere, elkarren osagarri izango direla.