Eremu gorrian

Aparteko neurriak bihartik aurrera

Aitziber Arzallus 2021ko api. 12a, 14:06

Gipuzkoak 400dik gorako intzidentzia tasa duenez, bihartik aurrera itxita egongo da lurraldea. Hori dela eta, gipuzkoarrek ezingo dute lurraldearen mugetatik atera eta kanpokoek ezingo dute lurraldera sartu, ez bada justifikatutako arrazoiren batengatik. Baina lurraldea ez ezik, barruko hainbat udalerri ere itxita egongo dira, 400dik gorako tasa dutelako.

Urola Kostan, Azkoitia, Orio eta Zarautz daude egoera horretan, eta herri horietan aparteko neurri murriztaileak izango dituzte indarrean, gutxienez datozen asteartera arte.

  • Mugikortasuna. 400dik gorako intzidentzia tasa duten udalerrietako bizilagunek ezingo dute udalerritik irten eta beste udalerrietako bizilagunek ezingo dute horietara sartu, ez bada lan, hezkuntza, osasun edo zaintza arrazoiengatik. Salbuespenik egongo da, ordea: mugakide diren eta ohiko zirkulazioa duten udalerrien artean mugitzea baimenduta egongo da erosketak eta aire zabaleko jarduera fisikoa egiteko, nahiz eta udalerri horietakoren batek edo bi udalerriek 400dik gorako intzidentzia tasa izan.

  • Ostalaritza. 400dik gorako intzidentzia tasa duten udalerrietako tabernek eta jatetxeek are mugatuago izango dute lokalen barrualdean zerbitzua emateko ordutegia: 06:30etik 09:30era eta 13:00etatik 16:30era bitartean bakarrik eskaini ahal izango dute zerbitzua. Aire zabaleko terrazetan orain arteko zerbitzu bera eman ahal izango dute: edukiera osoan eta 06:00etatik 20:00etara. Aurrez egindako eskaerak 21:00ak arte entregatu ahal izango dituzte establezimenduan bertan aurrez hitzordua eskatuta, eta etxez etxeko banaketa 22:00ak arte egin ahal izango dute. Orain arte bezala, bezeroek mahai bueltan eserita kontsumitu beharko dute, gehienez lau laguneko taldeetan, eta maskara uneoro jantzita eduki beharko dute, elikagaiak edo edariak hartzen dituzten momentuan izan ezik.

  • Kirola. 400dik gorako intzidentzia tasa duten udalerrietan, gehienez lau laguneko taldeetan egin ahalko dira barruko kirol jarduerak, eta gehienez sei laguneko taldeetan kanpokoak. Talde profesionalen eta federatuen entrenamenduei eta lehiaketei ez die eragingo neurri horrek. Udalerri horietako kiroldegietako aldagelak eta dutxak itxi egingo dira, igerilekuetakoak izan ezik; horietan, aldagelak erabili ahal izango dira gehieneko edukieraren %35eko mugarekin, eta dutxak erabili ahal izango dira, baldin eta banakakoak badira.

  • Eskola kirola. 400dik gorako intzidentzia tasa duten udalerrietan, barruko instalazioetan gehienez lauko taldeetan aritu beharko dute umeek, eta kanpoan, gehienez seiko taldeetan. Horientzat ere aldagelak eta dutxak itxita egongo dira, igerilekuetakoak izan ezik.