UKUEk 45+Indartzen programari buruzko informazio saio bat prestatu du asteazkenerako

IƱigo Gaiton 2021ko api. 12a, 19:00

Mankomunitateak antolatutako programa honek 45 urtetik gorako herritarrak lan-munduan txertatzea du helburu. Izen-ematea apirilaren 21era bitartean egongo da zabalik.

Urola Kostako Udal Elkarteak 45+Indartzen programaren beste edizio bat antolatu du udaberri honetarako. 45 urtetik gorako herritarrei lan-munduan txertatzen laguntzea du helburu egitasmoak, udal elkarteak adierazi duenez. 40 orduko ikastaroa izango da (4 orduko 10 saiotan banatua), eta bi asteko iraupena izango du. Maiatzaren 3an egingo da lehen saioa udal elkartearen egoitzan, eta saio guztiek ordutegi bera izango dute: 09:30-13:30. Taldekako prestakuntzaz gain, partaideek banakako aholkularitza saioak ere jasoko dituzte.

Ukuek egitasmoaren gaineko informazioa emateko saioa antolatu du apirilaren 14rako, eta 11:00etan egingo dute, Interneteko Gotomeeting plataformaren bidez. Parte hartu ahal izateko, galdetegia bete beharko da aurrena, eta segidan, saioan sartzeko esteka jasoko du interesatuak.

Apirilaren 21ean bukatuko da izena emateko epea, eta tramitazioa Ukueren egoitza elektronikoaren bidez egin behar da. Modu elektronikoan egin ezin dutenek, egoitza elektronikoan dokumentua deskargatu, bete eta udal elkartearen Zarauzko egoitzan entregatu dezakete.