Euskadiko Turismoaren Kode Etikoaren zigilua eman diete Zarauzko zortzi entitateri

Dorleta Agiriano Lai 2021ko api. 14a, 16:30

Zigilua jaso dute, besteak beste, Zarauzko turismo bulegoak, zenbait ostalaritza establezimenduk eta hainbat zerbitzu enpresak.

Euskadiko Etika Batzordeak ematen du Euskadiko Turismoaren Kode Etikoaren zigilua. Horretarako, Zarauzko Udalaren arabera, kontuan hartzen ditu Turismoaren Mundu Erakundearen Munduko Kode Etikoa nahiz hainbat "eragile turistikoren bidez bildutako informazioa". "Kode Etiko honetan barneratzen diren aspektu nagusien artean berdintasuna, gizarteratzea eta aniztasunarekiko tolerantzia, jasangarritasuna, bertako tradizioaren eta kulturaren sustapena eta pertsonen eskubideak daude, besteak beste", dio udalak.

Jakinarazi berri dute Zarauzko zortzi entitatek jaso dutela Euskadiko Turismoaren Kode Etikoaren zigilua: hain zuzen, Zarauzko turismo bulegoak, Arazi zerbitzu enpresak, ATeRIAN eta Egona alokairu zerbitzuek, eXperientziak enpresak (harenak dira Zarauzko Gela Urdina eta Getariako Elkano ihes gelak), Zerupe hotelak, Shelter surf eskolak eta Talaiberri txakolindegiak.

"Turismo Sailetik entitate hauen esfortzua eta iniziatiba eskertu nahi ditugu, zigilu honek indarrean jartzen dituen balio guztiak biltzen baitituzte eurengan", adierazi du Ixidor Larrañaga Zarauzko Turismo, Merkataritza eta Ostalaritza zinegotziak.