Santiago Mesak irabazi du Sabin Foruria memoriala Markinan

Dorleta Agiriano Lai 2021ko api. 18a, 10:21
(Eriz Fraile)

Esprint masibo baten ostean lortu zuen Mesak helmugara iristen lehena izatea. Jira-Bira Grupo Eulenek egindako "talde lana" azpimarratu du klubak.

Atzo, apirilaren 17an, jokatu zuten Sabin Foruria memorialaren 30. edizioa Markina-Xemeinen. Parte hartu zuten Zarauzko Jira-Bira Grupo Eulen taldeko kideek, eta azkenean, txapela janztea lortu zuten: Santiago Mesa kolonbiarra nagusitu zen txapelketan.

Abiatzen txapelketaren barruan egindako seigarren proba izan zen atzokoa. Ia hasieratik lortu zuten alde egitea bost txirrindularik baina, azkenerako, hiruren artean izan zen lehia nagusia: Lizarte taldeko Diego Uriarte, Caja Rural-Seguros RGAko Miguel Sanchez eta Laboral Kutxako Unai Iribar. Ia ibilbide osoa egin zuten elkarrekin hirurek, baina helmugara iristeko 20 kilometro besterik geratzen ez zirenean, bakarka ibiltzeari ekin zioten. Horrek ahalbidetu zuen gertutik jarraitzen zien talde nagusiak, Jira-Birak, pixkanaka aurrea hartzea eta, azkeneko esprint masiboaren ondoren (30 txirrindulari inguruk hartu zuten parte azkeneko urrats horretan), Mesa izatea guztietan azkarrena.

Jira-biraren "talde lana" nabarmendu du klubak, eta adierazi du egindako lanak "saria" izan duela azkenean. Gogorarazi du taldean erorketa ugari jasan dituztela azkeneko hilabeteetan eta zenbait taldekidek klabikula nahiz saihets-hezurra haustea eragin dutela erorketa horiek, eta bestelako "gorabeherak" izan dituztela ere azaldu du. Dena den, atzokoan "bolada txarra" atzean utzi zutelakoan daude Jira-Birako kideak.