Zarautzek ere parte hartuko du Gipuzkoako Herriarteko pilota txapelketan

Andoni Elduaien 2021ko api. 21a, 10:30

Gomazko pala txapelketan hartuko du parte Zarautzek, eta Orioren aurka neurtuko ditu indarrak maiatzaren 15ean eta 23an.

Atzo, asteartea, egin zituzten Gipuzkoako Herriarteko txapelketen zozketak. Urtebeteko etenaldiaren ondoren, aurten berriro itzuliko da pilotalekuetako herrien arteko dema. Hamasei herri lehiatuko dira eskuzko txapelketan, hemezortzi gomazko paletakoan, zazpi larruzko paletakoan zein pala motzekoan, eta lau zesta-puntakoan. Eskuzko txapelketan Azkoitiak, Azpeitiak eta Zestoak parte hartuko dute; gomazko paletako txapelketan, Aiak, Azkoitiak, Azpeitiak, Oriok, Zarautzek eta Zestoak; Zumaiak, berriz, zesta-puntako txapelketan parte hartuko du. Eskuzko eta gomazko paletako txapelketak ohiko formatua izango dute beste behin. Herri bakoitzaren etxean, joaneko eta itzulerako hiruna partida jokatu beharko dituzte.

Martxan jarriko den lehen txapelketa gomazko paletakoa izango da; izan ere, maiatzaren lehen bi asteburuetan Zestoak Debaren aurka jokatu beharko du kanporaketa aurrekoa. Etxean hasiko du lehia Zestoak eta itzulerakoa Deban jokatuko du. Final zortzirenak, berriz, maiatzaren 16ko asteburuan hasiko dira. Aiak Astigarraga izango du aurkari –etxean hasita–, Azkoitiak Errenteria –etxetik kanpo hasita– eta Azpeitiak Tolosa –etxean hasita–; Zarautzek eta Oriok, aldiz, elkarren aurka neurtu beharko dituzte indarrak. Zarautzen jokatuko dituzte joaneko partidak eta Orion itzulerakoak. Gomazko paleta txapelketako finala ekainaren 27an jokatuko da.