Alberto Schommerri buruzko hitzaldia Photomuseumen

Aritz Mutiozabal 2021ko api. 21a, 16:30
Alberto Schommer argazkilari gasteiztarra.

Ostiral honetan errepasatuko dute argazkilari ezagunaren ibilbidea eta sorkuntza, 18:00etan hasita.

Alberto Schommer argazkilari gasteiztarrari eskainiko dio Zarauzko Argazki eta Zinema Museoak ostiral honetako saioa. Azken hamarkadetako argazkilari sortzaileenetariko bat izan zen, Frankismoko eta Trantsizioko politikarien erretratuengatik ezaguna, baina baita garaiko AEBetako ikonoei erretratuak egiteagatik ere. Ezagunak dira, besteak beste, Andy Warhol, Roy Lichtenstein eta Susan Sontagni ateratako argazkiak.

Erretratu psikologikoaren maisua izan zen, ironia dosi handiarekin ateratzen zituelako argazkiak. Teknika ondo menderatzen zuen, eta argazkiaren oinarriak aldatu zituen, argiaren erabilera aldatuz. Bere lana herrialde askotan erakutsi da eta nazioarteko aldizkari ezagunek argitaratu dituzte, eta makina bat sari jaso zituen.

Gela programaren barruan, haren ibilbidearen atzera begirakoa egingo dute Photomuseumen; ohi bezala, 18:00etan hasita, doako sarrerarekin.