LABeko kideen atxiloketak salatzeko elkarretaratzea egingo dute bihar

(@LABnafarroa)

LABeko sei kide atxilotu zituen Espainiako Poliziak astelehenean, protesta batzuen harira. Atxiloketak salatzeko LABek deitutako elkarretaratzea izango da Zarautzen.

Astelehenean LAB sindikatuko sei kide atxilotu zituen Espainiako Poliziak Iruñean, ISN enpresako kamioi batera igota N-121 errepidea trabatzeagatik eta CEN patronalaren egoitzan hauts gorria botatzeagatik. Atxilotuetako bat berehala utzi zuten aske, baina gainerako bost kideak atzo, asteazkena, utzi zituzten libre.

Atxiloketa horiek salatzeko, elkarretaratzera deitu du LABek Zarautzen. 11:00etan jarri dute hitzordua, udaletxearen aurrean. Urola Kostako LABek “gogor eta irmo” salatu du polizia operazioa; izan ere, sindikatuaren hitzetan, “ekintza ausart eta antolatuak” egiteagatik atxilotu zituzten sei lagunak.

Atxiloketen mediatizazioa ere salatu du sindikatuak: “Jakinarazpen judiziala bidaltzea nahikoa zuten arren, nahiago izan dute operazio mediatikoa antolatu eta atxiloketak eszenifikatzea. Hala ere, sindikalismo borrokalariaren aurkako operazio hau ez da poliziaren bururapen hutsa, baizik eta, polizia eta patronalaren elkarlan argia. Eta ez da kasualitatea operazio hau emakumeak protagonista ziren ekimenen aitzakian egitea, argi baitago patronalak emakumeen borroka baldintzatu eta oro har emakumeen borroken zilegitasuna kendu nahi duela”.

LABek “sindikalismo borrokalariaren eta borroka feministaren beharra” azpimarratu ditu, eta esan du horiek defendatu egingo dituela. “Egunerokoan gure jardunarekin jarraituko dugu langile klasearen defentsan, garaipena lortu arte”.

.