Langile publikoen kontratazioan behin-behinekotasuna gehiegikeriaz erabiltzen dela iritzita, horren aurka egiteko grebara deituta zeuden gaurko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langile publiko guztiak. Zarautzen, itxita egon da Herritarren Arreta Zerbitzua eta greba egin dute hainbat udal langilek, baina gainontzean, udaletxeak "normaltasunez" funtzionatu duela argitu du udalak. Liburutegian eta kiroldegian, berriz, ez du eraginik izan grebak.
Hezkuntzan, aldiz, jarraipena zabalagoa izan da. Orokieta ikastetxetik eta Lizardi institututik jakinarazi dutenez, Herri Eskolan irakasleen %12,8k egin dute greba, eta sukaldarien %33k. Institutuan, berriz, irakasleen %26k egin dute greba. Beste hainbat esparrutan %100eko zerbitzu minimoak ezarrita zituzten gaurko, beraz, anbulatorioan, esaterako, ez du jarraipenik izan grebak.
ELA, LAB, CCOO, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuek egin dute gaurko grebarako deialdia, eta Zarautzen ez dute mobilizaziorik aurreikusi.
Neurri murriztaileak direla eta, Urola Kostako Ikasle Abertzaleak ezin izan dute Donostiako manifestaziora bertaratu. Hori horrela, gaurko mobilizazio egunaren aldarrikapenak eskualdeko ikastetxeetara eraman dituzte –Lizardi Institutuan egin bezala–, elkarretaratzeak eginez, Langile klasearen hezkuntzarako sarbidea defendatu! lelopean.