Garraio Sailak lizitaziora atera du San Pelaioko geraleku berria

Amaia Urbieta Arruti 2021ko api. 22a, 16:00
(ETS)

ETSk jakinarazi du geraleku horren erabiltzaile kopurua nabarmen handitu dela, batez ere, udan. Geraleku berria egiteko lanen aurrekontua 2,7 milioi eurokoa da, eta lanak egiteko aurreikusitako epea 18 hilabetekoa.

Duela aste batzuk onetsi zuen Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak San Pelaion trenaren geraleku berria egiteko plangintza, eta Euskal Trenbide Sareak iragarri berri duenez, lizitaziora atera berri ditu geralekua eraikitzeko lanak. Erakunde publikoak jakinarazi du lanen hasierako aurrekontua 2,7 milioi eurokoa dela, eta lanak egiteko aurreikusitako epea 18 hilabetekoa.

ETSk jakitera eman du geraleku horren erabiltzaile kopurua nabarmen handitu dela, batez ere, udan. Erakunde publikoaren arabera, "2003an 100.029 erabiltzaile izatetik 2019an 331.595 izatera igaro da". Gainera, azaldu dute eskaria are gehiago igotzea aurreikusten dutela "Donostian Topoaren trenbide saihesbidea martxan jarri ondoren".

Geraleku berriak izango dituen ezaugarriak zehaztu zituzten proiektuan, eta horren arabera, geltokiko atondoa trenbideko plataformaren azpian kokatuko dute. Bestalde, azpiegituraren dimentsioak ere areagotu egingo dituzte: alde batetik, nasaren luzera 80 metrora handituko dute, hau da, 10 metro gehiago irabaziko ditu; eta bestetik, oinezkoentzako azpiko pasabidearen zabalera sei metrora handituko dute, egun duenaren bikoitza, alegia. 

Ezaugarri gehiago daude irakurgai Zarauzko Hitzaren albiste honetan.