Zarautzek ordezkaritza zabala izango du Euskal Pilota Egokituko Master Cup Txapelketan

Zarauzko Hitza 2021ko api. 22a, 18:30
Pilota Egokitua Master Cup 2020 (epeirekia.eus)

Igande honetan ekingo diote lehiari Oiartzunen, eta lau bikote onenak maiatzaren 16ko finalerako sailkatuko dira. Getarian jokatuko dira finaleko partidak.

Inoizko parte hartzerik handienarekin jokatuko da Euskal Pilota Egokituko Master Cup Txapelketa, hurrengo bi asteburuetan,  Oiartzunen eta Getarian. Guztira, 34 pilotari arituko dira lehian: alde batetik, hemezortzi adimen urritasuneko mailan, seina bikote hiru taldetan banatuta; eta bestetik, hamasei gurpildun aulkiko mailan, bi taldetan banatutako zortzi bikotetan. Izena eman duten pilotarien artean Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Errioxa (Espainia) eta Frantziako pilotariak daude.

Adimen urritasuneko kategorian, Zarautz Kirol Elkarteko pilota atalak ordezkaritza zabala izango du: Joseba Altuna eta Haritz Lertxundik bikotea osatuko dute (1. taldea), eta Lorea Iribarrek eta Xabier Olaziregik ere bai (3. taldea). Xabier Villarrek ere hartuko du parte, eta bere bikotea Leire Esnal zumaiarra izango da (2. taldea). Partidak hamabost tantora jokatuko dituzte.

Osasun egoerak baldintzatuta pilotalekura gerturatzerik izango ez denez, Oiartzungo kanporaketak Emakume Master Cupeko facebook ataritik jarraitu ahal izango dira streaming bidez. Goizez, adimen urritasuneko partidak jokatuko dituzte, eta arratsaldez gurpildun aulkikoak. Lau bikoterik onenak finaletarako sailkatuko dira. Maiatzaren 16an jokatuko dira, Getarian, 12:00etatik aurrera, eta Etb1ek zuzenean eskainiko ditu.