Finantza erakundeen jokabidea salatuko dute pentsiodunek astelehenean

"Ikusten dugu urtez urte banku zerbitzuak okerrera egiten duela eta gero eta zailago jartzen digutela gure dirua eskuratzea". Hala salatu du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak eta, besteak beste, zerbitzuak berrezartzeko eta adinekoentzako leihatila espezifikoak irekitzeko eskatuko diete finantza erakundeei.

Mobilizatzera deitu du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak hilaren 26rako, "adineko pertsonek eta pentsiodunek beren pentsioen dirua kudeatzeko finantza erakundeetan sartzeko dituzten zailtasunak salatzeko". Ohi bezala, Zarautzen 12:00etan elkartuko dira Lege Zaharren Enparantzan, baina oraingoan finantza erakundeei zuzendutakoa izango da protesta.

Beren kezka azalduko dute astelehenean, batetik, "banku erakundeen sukurtsaletan hilabetez hilabete sortzen diren ilarengatik" eta, bestetik, "gero eta gehiago ezartzen" diren komisioek "baliabide gutxien dituzten pertsonei kalte handiagoa" egiten dietelako.

"Aurrezki kutxen likidazioak, bankuak pribatu bihurtzeak eta azken horiek xurgatzeak kalte handia eragin dute herritarren arretan eta kredituaren eta aurrezkiaren sozializazioan. Ikusten dugu urtez urte banku-zerbitzuak okerrera egiten duela eta gero eta zailago jartzen digutela gure dirua eskuratzea". Horrez gain, salatu dute "pandemiaren ondorioz zailtasunak areagotu" egin direla. "Sukurtsalak ixten" ari direla azaldu dute, eta esan dute askotan horiek direla "herrietan zuzeneko arretarako aukera bakarra".

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak pertsonalki helaraziko du prestatu duten gutuna finantza erakundeetara, gai horri buruz neurriak har ditzaten eskatzeko. "Finantza erakundeei eskatzen diegu ilarak buka ditzatela, zerbitzuak berrezarri ditzatela, sukurtsalak ireki ditzatela, txantiloiak zabaldu ditzatela, pentsiodunentzako eta adinekoentzako leihatila espezifikoak ireki ditzatela eta komisioak 2015eko mailara murriztu ditzatela".