Abuztuaz geroztik izandako daturik okerrenak

Maria Maya-Amaia Urbieta Arruti 2021ko api. 23a, 13:16

Kezkagarria da oso Zarauzko datuek azken bi asteetan izan duten igoera. Gainera, datuei erreparatuta, ezin daiteke igarri igoerak goia jo duen ala goruntz jarraituko duen. Inguruko herrietan ere antzerakoa da koronabirusa izaten ari den bilakaera. 

Aurreko asteko joera errepikatuta, jauzi izugarria egin du berriro ere azken astean Zarauzko intzidentzia tasak. Azken zazpi egunetan, denera, 167 kasu positibo atzeman dituzte herrian, eta zifra horren ondorioz, 1.195,01ekoa da intzidentzia tasa, atzo baino apur bat altuagoa. Grafikoan ikusgai dago Zarauzko datuek abuztuaz geroztik izan duten bilakaera. Azaroaren erdialdean erregistratu zen azken igoera nabarmenena, baina igoera hark goia jo zuenean intzidentzia tasa urrun zegoen egungo 1.195,01eko mugatik. Gainera, ez dago garbi oraingo igoerak dagoeneko goia jo duen eta datuak apaltzen joango diren, ala tasak gora egiten jarraituko duen.

Eskualdeari erreparatuta, Urola Kostako herrietan 56 positibo zenbatu dituzte guztira; herenegun baino bi gehiago. Intzidentzia tasek, hala ere, 400dik gorako langa gaindituta jarraitzen dute eskualdeko herrietan; Beizaman eta Errezilen izan ezik. 

Azkoitian zertxobait behera egin dute hautemandako kasuek. Zehazki, hamar kasu positibo izan dira herri horretan, herenegun baino bi gutxiago. Intzidentzia tasak bere horretan jarraitzen du; 1.401,99koa da. Aian, berriz, lau positibo zenbatu dituzte, eta eskualdeko kasu metatuen tasa altuena du herri horrek. Hain justu, 1.964,74koa da. Getariako tasa ere bere horretan mantentzen da –1.590,11koa da–, kasu positiboen kopuruak zertxobait behera egin duen arren –lau kasu zenbatu zituzten herenegun; bi atzo–. 

Zumaian ez dute egoera hobea. Zazpi kasu positibo zenbatu zituzten atzo herri horretan egindako PCR eta antigeno probetan. Intzidentzia tasak 20 puntu behera egin arren, 1.000tik gorako langa gaindituta jarraitzen du –1.170,25ekoa da–. Orion lau kasu positibo baieztatu zituzten atzo, bezperan baino bat gutxiago. Herri horretan, 1.239,40koa da tasa. Azpeitian bezperan baino hiru positibo gehiago zenbatu dituzte; zortzi, baina 5.000 biztanletik gorako herrien artean, Azpeitia da egoera onena duena. Atzotik gora egin du, hala eta guztiz, intzidentzia tasak: 611,04koa da han. Zestoan, ez dute kasu positiborik hauteman, eta 616,33koa da intzidentzia tasa. Aizarnazabalen okerrera egin du egoerak: kasu positibo bat baieztatuta, 390,12tik 520,16ra igo da intzidentzia tasa. 

Beizaman ez dute kasu positibo berririk baieztatu, eta 0ko intzidentzia tasa dute. Errezilen ere ez dute kasurik hauteman, baina 322,06ko tasa metatua dute han. 

Hego Euskal Herrian 1.171 

Osakidetzak eta Osasunbideak emandako azken datuen arabera, atzo, guztira, 1.171 kasu positibo zenbatu zituzten: 117 Araban, 425 Bizkaian, 431 Gipuzkoan eta 184 Nafarroan. Guztira, 13.303 PCR eta antigeno proba egin zituzten lau lurralde horietan; % 9k eman zuten positibo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta % 7,7k Nafarroan.

Erietxeetako egoerak ez du hobera egin: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 554 pertsona daude ospitaleratuta, horietatik 173 Zaintza Intentsiboen Unitateetan. Atzo 114 pertsona ospitaleratu zituzten hiru lurraldeetan. Nafarroan, berriz, 153 dira ospitaleratuta dauden pertsonak, horietatik 35 ZIUetan.